Itxi

Eibar

0-2 irabazi dio Espanyoli

Eibarrek mailari eustea bermatu du

Erredakzioa

Talde armaginak 0-2ko emaitzarekin irabaz dio Espanyoli. Expositok sartu ditu bi golak. Mallorcak Sevillaren aurka jaso duen porrotak Lehen Mailan jarraitzea bermatzen dio, matematikoki.

  • Espanyol - Eibar

    Eibarko jokalariak Expositok Espanyoli sartutako lehen golaospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek garaipena lortu du Espanyolen aurka (0-2) RCDE Stadiumen, Ligako 36. jardunaldiko partidan, eta Mallorcak Sevillaren aurka galdu (2-0) duenez, salbazioa lortu du matematikoki. Beraz, talde armaginak beste denboraldi bat emango du Lehen Mailan.

Bi taldeak erasokor ekin diote neurketari, arriskua eraman dute aurkariaren ate ingurura, baina abagune argirik sortu gabe. Dmitrovic eta Diego Lopez atezainak ikusle hutsak izan dira 20. minutura arte. Eibarren lehen abisua orduan etorri da, Diego Lopezek gelditu duen Kike Garciaren jaurtiketa batekin. 23. minutuan, baina, epaileak armaginen aldeko penaltia adierazi du, Victor Gomezek baloia eskuarekin jo baitu area barruan; Expositok jaurti du penaltia, eta  0-1ekoa sartu du.

Golaren ostean, norgehiagoka berriro kaskartu da, eta ez da abagunerik egon. Dena den, 36. minutuan, Bernardok eskuarekin jo du baloia area barruan, epaileak Eibarren aldeko penaltia adierazi du, eta Expositok 0-2koa egin du; Diego Lopez atezainak jaurtiketa desbideratu du, baina armaginak ez du barkatu aldaratzea jaso ostean.

Espanyolen erantzuna 40. minutuan etorri da, abagune bikoitz batekin; Callerik egin duen jaurtiketak zutoina jo du, eta jarraian egin duen errematea kanpora bidali du Espanyoleko aurrelariak. Atsedenaldira iritsi aurretik, Dmitrovicek gelditu egin du Embarbaren falta jaurtiketa.

Espanyolek hobeto ekin dio bigarren zatiari, eta desabantaila murrizteko aukera izan du 48. minutuan, baina Campuzanok ez du baliatu Dmitrovicek egin duen hutsa. Eibarrek azkar erantzun du Kike Garciaren jaurtiketa batekin; Diego Lopezek, baina, desbideratu du.

Bigarren zatiaren hasieran, talde bakoitzak aukera bat izan ostean, partida kaskartu egin da. Espanyol saiatu da erasora jotzen, baina Eibar sendo ibili da defentsako lanean, eta ez dio aukerarik eman aurkariari. Amaieran, armaginentzat garaipena eta hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

0 - Espanyol: Diego López, Víctor, Bernardo, Cabrera, Didac; Melendo (Nico Melamed, 72. min), Marc Roca (Darder, 85. min), David Lopez, Embarba (Wu Leim, 72. min), Campuzano (Raul de Tomas, 59. min) eta Calleri.

2- SD Eibar: Dmitrovic, Tejero (Arbilla, 78. min), Burgos, Bigas, Soares, Cristoforo (De Blasis, 78. min), Exposito (Atienza, 90. min), Sergio Alvarez, Diop (Oliveira, 90. min), Inui eta Kike Garcia (Enrich, 64. min).

Golak: 0-1, 25. min: Exposito, penaltiz. 0-2, 36. min: Exposito.

Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horiak: Didac eta Marc Roca (Espanyol); Tejero eta Enrich (Eibar).