Eibar
Errege Kopa
Eibarrek SD Logroñes jipoitu eta hurrengo kanporaketarako txartela lortu du
Erredakzioa
Talde armaginak 0-5eko emaitzarekin irabazi dio SD Logroñesi Errege Kopako lehen txandako kanporaketa. De Blasisek hiru gol sartu ditu, eta, bi Charlesek.
-
De Blasis, SD Logroñesi sartu dizkion hiru goletako baten osten. Argazkia: EFE
Eibarrek garaipena lortu du SD Logroñesen aurka 0-5eko emaitzarekin eta Errege Kopako bigarren kanporaketarako txartela eskuratu du. De Blasisek hiru gol sartu ditu, eta, bi Charlesek.
Baloiaren jabetza izan du Eibarrek partida hasieratik, baina talde armaginari asko kosta zaio abaguneak sortzea. SD Logroñes atzean sartuta egon da, eta Eibarrek zail izan du zuloak bilatzea. Bigasek egin duen jaurtiketa baten bitartez etorri da armaginen lehen abagunea, 32. minutuan. Bi minutu beranduago, Quique Gonzalezen errematea gelditu egin du Magunazelaia atezainak. Etxeko taldea gaizki pasatzen ibili da, baina bi gol aukera argi izan ditu: Yoel atezainak SD Logroñesen gola eragotzi du 37. minutuan, eta Miguelen erdiraketa itxi bat desbideratu du 40. minutuan. Atsedenaldira iritsi orduko, Charlesek area barrutik egin duen errematea talde errioxarreko defentsa batek atera du atepetik.
Bigarren zatian, are nagusiago izan da Eibar, eta gola sartu du De Blasisen bitartez (0-1), 57. minutuan. Orellanaren pase ona jaso eta ez du barkatu atezainaren aurrean. Bost minutu beranduago, bigarren gola egin du Eibarrek; oraingo honetan ere De Blasis izan da golegilea (0-2), eta, Orellana pasea eman diona. Talde armaginaren bi golen ostean, neurketa erabakita geratu da, baina De Blasisek bere partida biribildu du 0-3koa sartuta, eta hat-tricka lortuta. Tejerok jokaldi ona egin, eta baloia sare barrura bultzatu besterik ez du egin behar izan argentinarrak.
Norgehiagokako azken txanpan Eibar jaun eta jabe izan da. Gol gehiago sartzeko abaguneak izan ditu, baina laugarren gola ez da 83. minutura arte iritsi, eta Charlesek sartu du (0-4). Charlesek berak, Eibarren bosgarren gola sartu du (0-5), sailkapena biribilduz.
Fitxa teknikoa:
0.- S.D. Logroñes: Magunazelaia; Aizpún, Ledo, Chacon, Rojas (Jonaan, 80. min); Miguel Rodriguez, Naceur, Herce, Toledo (Achi, 60. min); Imanol eta Binke (Diego Esteban, 60. min).
5.- S.D. Eibar: Yoel; Cubero (Atienda, 68. min), Bigas (Edu Exposito, 46. min), Ekhi; Robert Correa, Escalante (Tejero, 46. min), Mari, Orellana; De Blasis, Quique eta Charles.
Golak: 0-1, 57. min: De Blasis. 0-2, 62. min: De Blasis. 0-3. 70. min: De Blasis. 0-4. 82. min: Charles. 0-5. 86. min: Charles.
Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horiak atera dizkie Rojas eta Ledo jokalariei, baita Ekhi Eibarko futbolariari.