Itxi

Eibar

53 MILIOIKO AURREKONTUA

Akziodunen % 95ek Eibarren kontuak babestu dituzte

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

11,75 milioi euroko emaitza positiboa islatu dute, zergak ordaindu ondoren.

  • Amaia Gorostiza Eibarreko presidentea

    Amaia Gorostiza Eibarreko presidentea. Argazkia: EFE

Eibar Kirol Elkarteak Akziodunen Batzar Nagusia egin du ostegun honetan, eta, bertan, 11,75 milioi euroko superabita ematen duten zenbakiak aurkeztu dute, neurri handi batean Ruben Peñaren eta Joan Jordanen salmentetatik lortutakoak.

Horrez gain, klubaren historiako aurrekonturik handiena dena onartu dute akziodunek, hau da, 53 milioi eurokoa.

Galde-eskeen puntuan, akziodun bakarra mintzatu da taldearen egungo kirol egoeraz (jaitsieratik gertu), eta horren gainean, Fran Garagarza kirol-zuzendariak erantzun du "Inui" dela Eibarrek "Lehen Mailatik" fitxatu duen jokalari "bakarra".

Garagarzaren esanetan, "goiz da iritsi berri diren jokalarien inguruko balantzea egiteko", eta gogoratu du Ruben Peñak Tejerok baino "minutu gutxiago" daramatzala denboraldi honetan.

Bilera gorabeherarik gabe garatu da, eta Kirol Hiriari eta Ipuruako obrei buruz galdera gehiago espero ziren arren, egungo arduradunei emandako babesa gailendu da, balizko edozein kritikaren gainetik.

Eibarrek "bakarra" izan behar duela esanez itxi du ekitaldia Amaia Gorostiza presidenteak, eta gaineratu du "itsasontzian pitzadurarik" ez dela egon behar, "ura behar ez den lekutik" sar ez dadin.