Eibar
2020ra arte
Mendilibarrek urtebetez berritu du kontratua Eibarrekin
Erredakzioa
Jose Luis Mendilibarrek eta klub armaginak bi aldeak lotzen dituen kontratua berritu dute, 2020ko ekainaren 30era arte.
-
Jose Luis Mendilibar, Eibar taldeko entrenatzailea. Argazkia: EiTB
Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak urtebetez berritu du kontratua Eibarrekin, 2020. urteko ekainaren 30era arte. Hala jakinarazi du klubak, astearte honetan. Kontratu-berritze honen barruan sartzen dira Iñaki Bea bigarren entrenatzailea, Toni Ruiz prestatzaile fisikoa, Andoni Azkargorta analista, eta Josu Anuzita atezainen entrenatzailea.
Mendilibar 2015. urtean heldu zen Eibarrera eta, klubean eman dituen lau denboraldietan, mailari eusteko helburua bete egin du. Lehenago, 2004-2005 denboraldian zuzendu zuen Eibar Mendlibarrek Bigarren Mailan, eta talde armagina laugarren izan zen, Lehen Mailara igotzeko puntu bakarrera geratu zelarik.
2017-2018 denboraldian lortu zuen Zaldibarko entrenatzaileak bere sailkapen onena Eibarrekin Lehen Mailan, eta euskal talde onena izan zen. Amaitu berri den denboraldian, hamabigarren amaitu du Liga, 47 punturekin; beraz, mailari eustea nahiko eroso lortu du.
Asteazken honetan, prentsaurrekoa eskainiko dute Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak, Amaia Gorostiza presidenteak eta Fran Garagarza kirol-zuzendariak, kontratu-berritzeari buruz hitz egiteko.