Itxi

Eibar

Real Madrilen aurka

Eibar galtzaile atera da Bernabeutik, atsedenaldian 0-1 aurreratu arren

Agentziak | Erredakzioa

Armaginak gehiago izan dira lehen zatian eta aurretik jarri dira Marc Cardonaren golarekin. Bigarrenean, Benzemaren bi golek partida irauli dute.

  • Sergi Enrich, Rafael Varanerekin lehian

    Sergi Enrich, Rafael Varanerekin lehian. Argazkia: Efe.

Karim Benzemak buruarekin sartutako bi golek sari gabe utzi dute Eibar Santiago Bernabeura egin duen bisitan. Madrildarrek emaitza irauli eta 2 eta 1 gailendu dira, lehen zati negargarria egin ostean, bere zaleen txistuen artean. Bigarren zatian hobetu egin dute, eta horri esker hiru puntuak Madrilen geratu dira.

Isco eta Asensio izan dira arrisku gehien sortu dutenak, baina Eibar gehiago izan da neurketako minutu askotan.

Varanen hutsak ondo baliatu dituzte jokalari gipuzkoarrek eta, horietako bat aprobetxatuta, Cucurellak pasea eman dio Sergio Enrichi eta Balear irletako jokalariak ez du gutxigatik gola egin. Marc Cardonak, aldiz ez du bere aukera alferrik galdu eta Eibar aurretik jarri du markagailuan 38. minutuan.

Zidanek atsedenaldian esandako hitzek bere jokalariak esnatu ditu. Horrela, bigarren zatian hobeto aritu dira, eta lehen minutuetan arriskua sortu dute Dmitrovicen area inguruan.

53. minutuan gauzak okertzen hasi dira Eibarrentzat. Ramisek min hartu du jokaldi batean eta Mendilibarrek aldaketak egin behar izan ditu bere sisteman. Sergio Alvarezek bere posizioa atzeratu du eta hortxe arazoak hasi dira.

Hortik gutxira Benzemak gola egin du, baina epaileak baliorik gabe utzi du jokoz kanpoko posizioagatik. Frantziarraren bigarrena, ordea, bai, markagailura igo da, Asensioren erdiraketa buruarekin errematatuz.

22 minutu geroago, Real Madrilen bigarrena iritsi da. Benzemak egin du, korner baten ostean, Kroosen pase bikaina aprobetxatuz.

Hirugarrena sartzear ere izan da Benzema, Eibar bere golaren bila atera denean, baina Dmitrovicek erantzuk ona eman dio. Ez da gol gehiagorik izan Santiago Bernabeun.

Fitxa teknikoa

2 - Real Madril: Keylor Navas; Odriozola, Varane, Nacho, Reguilón; Fede Valverde, Modric (Kroos, 77. min), Isco (Brahim, 91. min); Marco Asensio, Bale (Lucas Vázquez, 77. min) eta Benzema.

1 - Eibar: Dmitrovic; De Blasis, Ramis (Orellana, 54. min), Oliveira, Cote; Escalante, Sergio Álvarez, Jordán, Cardona (Peña, 72. min), Cucurella (Charles, 84. min); eta Sergi Enrich.

Golak: 0-1, 39. min: Cardona. 1-1, 59. min: Benzema. 2-1, 81. min: Benzema.