Itxi

Eibar

30. JARDUNALDIA

Pedro Leonek hiru puntuak eman dizkio Eibarri (2-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Murtziarrak lehia amaitzeko 15 minuturen faltan sartu du markagailua iraultzeko balio izan duen gola.

  • Pedro Leonek egin du garaipenaren gola.

    Pedro Leonek egin du garaipenaren gola. Argazkia: EFE

Eibarrek buelta eman dio markagailuari bigarren zatian Rayo Vallecanoren aurka galtzen ari zen partidan, Charlesek eta Pedro Leonek sartutako golen bidez (2-1), eta, hartara, ia ziurtatu utzi du datorren urtean Lehen Mailan jarraituko duela.

Etxekoek ohi duten eran ekin diote partidari, aurkariaren zelaian jokatzen eta madrildarren baloiaren irteera ito nahian.

Apurka-apurka, Rayok armaginen hasierako nagusitasuna astindu du gainetik, eta Paco Jemezek atsegin duen eran jokatzen hasi da. Madrildarrak batez ere Bebe saiatu dira bilatzen eskuin hegalean, baina ez dute arrisku handirik eraman Dmitrovicen inguruetara.

Gerora, lehen ordu erdia bete aurretik, Raul de Tomasek bi abagune izan ditu bata bestearen atzetik, baina kasu bietan bere ahaleginak atetik apur bat desbideratuta atera dira.

Neurketa joan-etorrikoa bihurtu da tarte horretan, Ipuruan elur-ura erortzen hasi denean, hain zuzen ere. Hasiera batean Vallecasko taldea egoera meteorologiko berrira hobeto moldatu bada ere, Ba gola oparitzeko zorian egon da Eibarreri.

Aitzitik, 1 eta 0ekoa etorri beharrean, 0 eta 1ekoa izan da heldu dena, Pozok area kanpotik egindako jaurtiketa eder baten ostean. Horrela amaitu da lehen zatia, etxeko zaleen zorigaitzerako.

Mendilibarri ez zaio bere jokalariek lehen zatian egindako lana gehiegi gustatu, eta, bigarren zatia hastearekin batera, Jordan eta Pedro Leon zelairatu ditu, markagailua iraultzeko asmoz.

Charlesek gertu izan du berdinketa Orellanak ezkerretik egindako jokaldi on batean, baina Dimitrievskik gelditu ederra egin du.

Gutxika bada ere, ordura arte lortutakoari eusteko ahaleginetan zebilen Rayo atzean sartzea lortu dute armaginek, eta, 63. minutuan, Charles brasildarrak sarera eraman du buruz Cardonaren erdiraketa.

Geroago, norgehiagokako momenturik hunkigarriena iritsi da; izan ere, lehia amaitzeko 15 minutu geratzen zirenean, denbora luzez lesionatuta egon den Pedro Leonek garaipenaren gola lortu du etxekoentzat.

Gol horren ostean, Jemezek bere aurrelari guztiak jarri ditu jokoan, baina Rayokoek ez dute bigarren gola egiteko trebeziarik eduki, aukeraren bat edo beste izan duten arren.

Fitxa teknikoa:

2 - Eibar: Dmitrovic, Peña, Oliveria, Ramis, Cote, Orellana, Sergio Alvarez (Jordan, 46. min), Diop (Escalante, 68. min), Cardona, Charles eta Kike Garcia (Pedro Leon, 46. min).

1 - Rayo Vallecano: Dimitrievski, Tito (Javi Guerra, 74. min), A. Ba, Amat, Alex Moreno, Bebe, Medran (Embarba, 84. min), Mario Suarez, Pozo, Alvaro (Kakuta, 81. min); Raul de Tomas.

Golak: 0-1, 39. min, Pozo. 1-1, 63. min, Charles. 2-1, 74. min, Pedro Leon.

Epailea: Undiano Mallenco. Txartel horiak: Diop eta Peña (Eibar); Amat (Rayo).