Pablo Herviasi ebakuntza egin beharko diote, jokalariari egindako osasun-azterketek baieztatu egin baitute hautsita daukala ezker belauneko barneko alboko lotailua. Erasoko hegaleko errioxarra Valladoliden ari zen jokatzen neguko merkatutik, Eibarrek utzita. Otsailaren 8an, Vila-realen aurka jokatutako neurketan, min hartu zuen kolpe baten ondorioz. Tratamendu kontserbadorea ezarri zitzaion, eta astebete eman zuen gainerako taldekideengandik bereiz. Gerora, tratamendu horri ondo erantzuten ziola ikusita, talde guztiarekin batera lan egitera itzuli zen, baita deialdietan sartzera ere. Aitzitik, astelehen honetako lan-saioan areagotu egin zitzaizkion minak. Horren aurrean, jokalariak ebakuntza egitea erabaki du lesioa sendatzeko, Eibarren eta Valladoliden oniritziarekin. Datorren astean egingo diote ebakuntza, eta bost eta sei hilabete artean eman beharko du zelaietatik kanpo.