Eibar
Ipuruan
Eibar jaun eta jabe izan da Gironaren aurkako partidan (3-0)
Agentziak | Erredakzioa
Ruben Peñak, lehen zatian, eta Charlesek, bi bigarren zatian, egin dituzte golak.
-
Eibar taldeko jokalariak, goletako bat ospatzen. Argazkia: Efe.
Eibar 3 eta 0 gailendu zaio Gironari eta, ondorioz, jaitsiera postuak urrutiago dauzka orain. Kataluniarrek, berriz, bigarren mailara ez jaisteko leían jarraitzen dute.
Armaginek hotzari eta eguraldi txarrari bikain egin diote aurre eta gola egiteko lehen aukera argia 3. Minutuan sortu dute, baina gipuzkoarren jaurtiketak langan jo du.
Hurrengo minutuetan, jokoak okerrera egin du eta zaleak aspertu egin dira; Eibarrek ez du erasoan asmatu eta Girona bere aukeraren zain geratu da, atzean sartuta, eta pazientzia galdu barik.
Hala ere, Eibarrek ahaleginak egiten jarraitu du eta ahalegin horrek saria izan du Ruben Peñak 37. minutuan egindako golarekin. Pasea Orellanak eman dio.
Bost minutu geroago, Dmitrovicek banakoa ekidin du, Juanpek areaz kanpotik egindako erremateari erantzun bikaina emanda.
Atsedenaldiaren ostean, bigarren zatia era ezin hobean hasi dute armaginek, zelai erditik baloia atera eta jarraian bigarren gola sartuta. Charlesek egin du, baselina eder baten bidez.
Minutu batzuk geroago, Ramalhok penaltia egin dio Enrichi eta Charlesek hirugarrena sartu du, partida armaginen alde erabakita uzteko.
Eibar, jaun eta jabe
Bigarren zatian Mendilibarren taldeak goitik behera menderatu du jokoa, kataluniarrei min handia egin baitie bigarren zatiko 15. segundoan hartutako golak.
VAR laguntzaile teknikoa ere protagonista izan da, 81. minutuan Lozano jokoz kanpo zegoela konfirmatuz Stuanik egindako golean.
Fitxa teknikoa
3 - Eibar: Dmitrovic; Rubén Peña, Ramis, Arbilla, Cote; Orellana, Diop (Sergio Álvarez, 82. min), Jordán (Escalante, 65. min), Cucurella; Charles (Kike García, 72. min), Enrich.
0 - Girona: Bono; Ramalho, Alcalá, Juanpe (Lozano, 62. min); Valery, Pere Pons, Aleix García (Pedro Porro, 62. min) Granell (Dpuglas, 75. min), Raúl; Portu, Stuani.
Golak: 1-0, 37. min: Rubén Peña. 2-0, 46. min: Charles. 3-0, 57. min: Charlesek, penaltiz.