Eibar
2-2
Eibar Errege Kopatik at geratu da, Sportingekin 2-2 berdinduta
eitb.eus
Armaginek ez dituzte erasoan izandako aukerak aprobetxatu, eta ezin izan dute joaneko partidako markagailua irauli. Horrela, Eibar Errege Kopako final-zortzirenetatik at geratu da.
-
Pablo Perez. Argazkia: EFE
Eibarrek bina berdindu du Sportingen aurka Errege Kopako final-hamaseirenetan (2-2), eta, hortaz, joaneko partidan bi goleko aldearekin galdu ostean, txapelketatik at gelditu da.
Talde armaginak indartsu eman dio hasiera norgehiagokari, Cucurellak, Pere Millak eta Herviasek arriskua sortu baitute hegaletatik, baina ez dituzte aukerak baliatu, eta ez dute markagailuan aurrea hartzea lortu.
Sportingek, berriz, kanporaketa erabakita uzteko bidea bilatzen jarraitu du, eta 13. minutuan, Alberto Espesok ezker hegaletik egindako jaurtiketaren ostean, Alvaro Jimenezek errematatu eta neurketako aurreneko gola egin du Sportingen alde (0-1).
Mendilibarren taldeak, hortaz, lau gol egin behar zituen sailkatu ahal izateko. Erronka latza, benetan, aurrean, eta erlojua, gainera, kontra; izan ere, minutuak aurrera egin ahala, armaginek aukerak burutu ezinda jarraitzen zuten.
Atsedenaldia heltzear zegoenean, Sportingeko kapitainak, Pablo Perezek, bigarren gola egin du Asturiasko taldearentzat, eta 38. minututik alde zuen markagailua handitu du eta kanporaketan jaun eta jabe agertu da (0-2).
Hala ere, Mendilibarrek aldaketa bikoitza egin du atsedenaldiaren ostean, Cote eta De Blasis zelairatuta, Hervias eta Pere Millagaren ordez, eta Arbillaren pase luzeaz baliatuta, Cucurellak gola egin du 52. minutuan, Ipuruan esperantza helaraziz (1-2).
Aukerak sortzen jarraitu dute armaginek, eta 87. minutuan, azkenean, Eibarrek bigarrena egin du, Charles jokalariaren eskutik, eta markagailua parekatu (2-2). Hala ere, horrek ez du kanporaketa gainditzeko balio izan, joaneko neurketako aldeak erabakita utzi baitzuen Sportingen final-zortzirenetarako txartela. Ondorioz, Eibar Kopatik kanpo geratu da.
Fitxa teknikoa:
Eibar: Riesgo; Ruben Peña (Charles, 61. min) , Bigas, Arbilla, Cucurella; Sergio Alvarez, Jordan; Hervias (Cote, 46. min), Cardona, Pere Milla (De BLasis, 46. min) eta Kike Garcia.
Sporting: Dani Martin; Molinero, Alex Perez, Juan Rodriguez, Espeso; Pablo Perez (Fernandez, 67. min), Cofie (Andre Sousa, 59. min), Pedro Diaz; Jimenez (Nacho Mendez, 77. min) eta Blackman, Lod.
Golak: 0-1, 13. min, Alvaro Jimenez. 0-2, 38. min, Pablo Perez. 1-2, 52. min, Cucurella. 2-2, 87. min, Charles.
Epailea: Gonzalez Gonzalez.