Itxi

Eibar

Legansesen aurka

Ramisek garaipena eman dio Eibarri azken minutuan (0-1)

Agentziak | Erredakzioa

Armaginak Europan jokatzeko aukera ematen duten postuetan dira, Leganesen jokoan zeuden hiru puntuak eraman ostean.

  • Kike Garcia. Argazkia: Efe.

    Kike Garcia. Argazkia: Efe.

Ivan Ramisek luzapenean egindako gol batek garaipena eman dio Eibarri Leganesen aurka jokatutako partidan (0-1). Emaitza horri esker, armaginak Europa Liga jokatzeko eskubidea ematen duten postuetan sartu dira.

Jose Luis Mendilibarren taldea nagusi izan da lehen zatian, baina gol aukera argirik sortu gabe. Erasora hegaletatik abiatu dira, baina madrildarrak ondo aritu dira defentsa lanetan.

Bigarren zatian, bi taldeek erritmoa bizitu dute, eta bata zein bestea erasora joan dira, golaren bila. Kikek aukera argia izan du lehen minutuetan, baina gutxigatik ez da iritsi Cotek egindako erdiraketara. Minutu bat geroago, 51.ean, Charlesek boleaz jo du baloia, baina Cuellar atezainak erantzun bikaina eman dio.

Norgehiagoka asko ireki da eta bi taldeak sarri iritsi dira aurkariaren areara; hala ere, Dmitrovicek lan gutxi eduki du. Armaginen itxaropenak areagotu egin dira epaileak Siovasi bigarren txartel horia atera dioenean, neurketako azken txanpan. Jarraian, baina, Amrabatek izan du gola egiteko aukera argia.

Eibarrek azken minutuetan egindako ahaleginak saria izan du 94. minutuan: Jordanek kornerra atera du eta Ivan Ramisek buruarekin errematatu du baloia Cuellarren atean sartzeko. Hiru puntuak Eibarrera joan dira eta armaginak Europako postuetan daude.

 

Fitxa teknikoa

0 - Leganes: Cuéllar, Tito, Siovas, Muñoz, Raúl García; Gumbau, Brasanac (Eraso, 72. min); Omar Ramos (El Zhar, 58. min), Naranjo (Amrabat, 46. min), Gabriel; eta Guerrero.

1 - Eibar: Dimitrovic; Cote, Ramis, Arbilla, Rubén Peña (Capa, 90. min); Dani García, Diop (Jordán, 80. min), Orellana, Inui (Alejo, 85. min); Charles eta Kike.

Gola: 0-1, 94. min: Ramis.