Eibar
20. JARDUNALDIA
Eibarrek puntu bat lortu du Malagaren aurrean, galtzen joan ostean (1-1)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Armaginek euren arean sartuta izan dituzte andaluziarrak partidaren azken txanpan, baina ezin izan dute markagailua guztiz irauli.
-
Kike Garciak sartu du armaginen gola. Argazkia: EFE
Eibar eta Malagak puntuak banatu dituzte (1-1) astelehen honetan, Ipuruan, Ligako 20. jardunaldiari zegokion partidan. Norgehiagoka horretan Jose Gonzalez entrenatzaileak debutatu du andaluziarren aulkian, baina ezin izan du garaipena lortu bere estreinaldian, nahiz eta minutu askotan bere taldea aurretik izan arren. Izan ere, Malagak 16. minutuan egin du bere gola eta irabazten joan dira 76. minutura arte, hots, Kike Garciak armaginei berdinketa eman dien gola erdietsi duen arte.
Talde andaluziarrak eman du lehiako lehen abisua, Eibarren izan den etengabeko euripean. Hala, Adrian Gonzalezek ez du aprobetxatu bolea bat, eta bere jaurtiketa Dimitrovic atezaina zegoen tokira atera zaio. Dena dela, partidako ordu laurdena bete denean, bere taldeko Youssef En-Nesyri aurrelari marokoarrak armaginek atzealdean egindako hutsa baliatu du etxekoen atea zulatzeko.
Aipatu aurrelaria izan da, hain zuzen ere, malagarren jokalari arriskutsuena, handik hamar minutura bigarrena egiteko zorian egon baita. Gaur sartu duen gola Lehen Mailan erdietsi duen bigarrena izan da; lehendabizikoa Rosaledan egin zuen, talde armaginaren aurka egin ere.
Eibar, bere aldetik, saiatu da lehen 45. minutuetan, baina ez du golaren saria lortu, nahiz eta Mendilibarren gizonak ekinean ibili diren erasoko jokoan. 'Cote' eta Keko, besteak beste, kanpotik egindako jaurtiketen bidez ahalegindu dira, Robertoren atetik hurbil igaro direnak, bata zein bestea, baina emaitzarik gabe.
Etxekoek joko aldetik zuten nagusitasuna agerikoa izan bada ere, kanpotarrak izan dira bigarren zatia hasi eta berehala bigarrena egitetik oso gertu egon direnak, Adrianek abagune paregabea izan baitu, baina ez da gai izan Eibarrek atzealdean egindako beste akats bati etekina ateratzeko.
Gipuzkoarren arazoak areagotu egin dira bigarren zatiko hastapenetan min hartuta zelaia utzi beharrean egon den Paulo Oliveiraren lesioarekin. Haatik, etxekoen zorionerako Kike Garciak, amaierarako 15 minutu besterik ez zirenean geratzen, etxekoen gola egin du Bebe portugaldarraren pase bat area barruan aprobetxatuta.
Malagak ez du amore eman, eta Kekok egindako jaurtiketa bortitz baten bitartez garaipena emango zion gola lortzen ahalegindu da, baina, gutxigatik izan bada ere, ez du ate barrura asmatu.
Charlesek 2-1ekoa izan du etxekoentzat bost minuturen faltan. Tarte horretan Eibar goitik behera gailendu zaio bere aurkariari, eta Malaga bere atezainaren jardun azpimarragarriari esker atera ahal izan da onik Ipuruatik.
Azken txanpan partida zakartu egin da, eta andaluziarrek hamarrekin bukatu dute Zdravko Kuzmanovic zelairatu berriak bi txartel hori ikusi baititu sartu eta gutxira.
Berdinketa horrekin, eibartarrak zortzigarren postuan geratu dira, Europatik lau puntura (28rekin); Malagak, berriz, azkena izaten jarraituko du, salbaziotik 6 puntura (12rekin).
Fitxa teknikoa:
Eibar 1: Dmitrovic; Capa, Arbilla, Oliveira (Ramis, 49. min), Cote; Dani García, Jordán, Alejo (Orellana, 55. min), Kike García, Inui (Bebé, 72. min); Charles
Malaga 1: Roberto; Rosales, Luis Hernández, Ignassi, Ricca; Iturra, Adrián; Keko, Recio (Kuzmanovic, 83. min), Chory (Mula, 79. min); Youssef En Nesiri (Borja Bastón, 60. min).
Golak: 0-1, 15. min: En Nesiri. 1-1, 75. min: Kike García.
Epailea: Medié Jiménez. Txartel horiak: Orellana (Eibar) eta Ricca (Malaga). Malagako Kuzmanovic jokalaria kanporatu du bi txartel hori atera eta gero (92. minutuan).