Eibar
Garaipena Ipuruan
Eibarrek bolada onean jarraitzen du (4-1)
Agentziak | Erredakzioa
Armaginek aise irabazi diote Gironari etxean Inuik (2), Charlesek eta Jordanek egindako golei esker. Kataluniarren gol bakarra Timorrek egin du.
-
Inui, Eibarren lehen gola ospatzen. Argazkia: Efe.
Inuik Olentzeroren papera egin du Ipuruan, Eibarrek Gironaren aurka lortutako garaipenaren protagonista izan baita japoniarra. Armaginak 4 eta 1 gailendu dira, eta merezita irabazi dituzte hiru puntual. Inuik, gainera, Ligako historiako 70.000. gola egin du.
Armaginek lehen minutua bete aurretik hartu dute aurrea markagailuan. Inui izan da golegilea, jokaldi pertsonala egin ostean. Denboraldi honetako golik goiztiarrena da japoniarrak gaur Ipuruan sartutakoa.
Gironak kontraerasoari ekin dio, eta bosgarren minutuan banakoa egiteko zorian egon dira kataluniarrak, baina Dmitrovic atezainak erantzun bikaina eman dio Gironako jokalariak egindako erremateari.
Mendilibarren taldeak erritmoari eutsi dio, eta 10. minutuan bigarrena egin du. Charlesek sartu du gola, Coteren erdiraketa buruz errematatuta.
Gironak, baina, ez du amore eman, eta Timorrek 2 eta 1ekoa egin du areaz kanpotik maisuki jaurtitako falta baten bidez.
Bigarren zatian, Machinen taldea gogo handiz atera da aldageletatik, baina Eibarrek ez du bere lekua galdu.
Inuiren bigarrena
Kataluniarrek defentsan egindako huts baten ondorioz, Kike Garciak baloia errematatu du, aldaratzea Inuiri iritsi zaio, eta japoniarrak ez du hutsik egin; hirugarrena sartu du armaginentzat.
Luzapenean, Jordanek laugarrena sartu du. Eibarrek azken sei partidetan lortu duen bosgarren garaipena izan da gaurkoa. Bolada onean dago Jose Luis Mendilibarren taldea.
Fitxa teknikoa
4- Eibar: Dmitrovic; Capa, Arbilla, Oliveira, Cote; Dani García, Jordán; Bebé (Rubén Peña, 72. min), Charles (Escalante, 83. min), Inui; Kike García (Enrich, 78. min).
1- Girona: Bono; Maffeo (Aday, 57. min), Ramalho, Bernardo, Juanpe, Mojica; Aleix García, Timor, Borja García (Kayode, 57. min); Portu (Douglas, 70. min), Stuani.
Golak: 1-0, 1. min, Inui. 2-0, 10. min, Charles. 2-1, 25. min, Timor. 3-1, 53. min, Inui. 4-1, 91. min, Jordán.