Itxi

Eibar

AKZIODUNEN BATZARRA

Eibarrek 45,3 milioi euroko aurrekontua onartu du

EREREDAKZIOA

Horrez gain, Elkartearen Estatutuak eraberritzeko proposamenari oniritzia eman dio botoen % 95eko babesarekin.

  • Amaia Gorostiza, Eibarreko presidentea. Argazkia: EiTB

    Amaia Gorostiza, Eibarreko presidentea. Argazkia: EiTB

Eibarren Akziodunen Ohiko Batzar Nagusiak 45,3 milioi euroko aurrekontua (Klubaren historiako handiena) onartu du asteazken honetan 2017/2018ko denboraldirako. Aurreikuspenen arabera, 15,2 milioi euroko superabita izango dute, zergak ordaindu aurretik. Aurrekontu berriak 12.753 aldeko bozka jaso ditu eta 495, kontrako; 271 abstentzio izan dira eta 27 boto zuri.

Eibarko Coliseo antzokian egindako bileran, Elkartearen Estatutuak eraberritzeko Administrazio Kontseiluak aurkeztutako proposamenari ere oniritzia eman zaio botoen % 95eko babesarekin.

Horrez gain, zergak ordaindu ostean 11 milioiko superabita izan zuten joan zen ekitaldiko kontuak ere aurrera atera dituzte talde armagineko akziodunek (12.858 aldeko boto, 476 kontra, 164 abstentzio eta 44 zuriz).

Amaia Gorostiza presidenteak bere mintzaldian aurreratu duenez, 2018ko udaberrian Ezohiko Batzar batera deituko ditu akziodunak klubaren Kirol Hiriari buruz jarduteko.

Aurreratu duenaren arabera, bi toki daude hura kokatzeko: bata, Eibarren bertan; bestea, eskualdeko beste udalerri batean.