Itxi

Eibar

lesioa

Alejo, bi hilez bajan, baina ebakuntzarik egin beharrik gabe

AGENTZIAK ERREDAKZIOA

Eibarreko jokalariak belaunean hartu zuen min jauzi baten ostean, larunbatean talde armaginak Sevillaren aurka jokatu zuen norgehiagokan.

  • Osasun zerbitzuek Ivan Alejo zelaitik atera zuten unean. Argazkia: EFE

    Osasun zerbitzuek Ivan Alejo zelaitik atera zuten unean. Argazkia: EFE

Ivan Alejok sei eta zortzi aste bitartean egon beharko du futbol-zelaietatik aldenduta, Eibarrek aditzera eman duen mediku-txostenaren arabera; izan ere, bertan jasotzen denez, jokalariak haustura partziala dauka ezker belaunaren atzeko kapsulan. Alabaina, zorionez lesio mota horrek ez du eskatzen ebakuntzaren beharrizanik.

Eibarreko jokalariak belaunean hartu zuen min jauzi baten ostean, larunbatean talde armaginak Sevillaren aurka jokatu zuen norgehiagokako lehen zatia bukatzear zegoela.

Horrenbestez, lesioa garrantzitsua bada ere, irudiek zerbait okerragoa egon zitekeela iragartzen zuten.

Alcorconeko jokalari ohia lehen aldiz ari zen jokatzen titular gisa, eta Eibarren aldetik partida grisa bazihoan ere, bera ari zen eskuin hegaletik saiatzen ari zen bakarra, lesionatu egin zen arte.

Eragozpen handia da talde armaginarentzat, zonalde beretik aritzen den Pedro Leonek ere lesionatuta jarraitzen baitu, nahiz eta badirudi Real Madrileko jokalari ohia jokatzeko gertu egon daitekeela laster.

Beraz, Mendilibarrek buruari eragin beharko dio egoera horren aurrean. Orain arte Ruben Peña erabili du zeregin horietarako, eta ostiralera arte itxaron beharko da Ivan Alejoren ordez nor arituko den argitzeko.