Eibar
3-1
Eibar, Europako postuetatik gertu Deportivori irabazita
Erredakzioa
Armaginek 3-1 irabazi diote talde galiziarrari eta hiru puntuak lortuta ekin dio LaLigako bigarren itzuliari. Etxekoen golak Adrianek, Enrichek eta Lejeunek sartu dituzte; Çolakek, Deporrena.
-
Eibarreko jokalariak Adrianek Deportivori sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE
Eibarrek Deportivoren aurka garaipena lortuta (3-1) eman dio hasiera LaLigako bigarren itzuliari. Talde armaginak 29 puntu ditu, eta seigarren postuan dagoen Vila-realengandik 5 puntura dago.
Partida bizi hasi da, eta armaginek gola sartu dute izan duten lehen abagunean, 3. minutuan; Adrianek area ertzetik jaurti eta sare barrura bidali du baloia gol ikusgarria sartuta (1-0). Markagailuan aurrea hartu ostean, nagusi izan da talde armagina, baina Deportivok 12. minutuan eman du erantzuna kanpora joan den Sidneiren errematearekin. Eibarrek, ordea, ez du asko itxoin bigarren gola sartzeko. Norgehiagokako 15. minutuan Sergi Enrichek 2-0ekoa sartu du Adrianen pasea jasota. Bigarren gola hartu arren, Deportivok azkar erreakzionatu du, eta Çolakek aldeak murriztu ditu 2-1ekoa sartuta, 18. minutuan. Deporren gola hartu ondoren Pedro Leonek izan du hirugarren gola sartzeko abagunea, baina bere jaurtiketa kanpora joan da, desbideratuta.
Bigarren zatiaren hasieran Deportivo berdinketaren bila atera da, eta baloia jokoan ipini bezain laster Yoel atezainak galiziarren gola eragotzi du Andoneren jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Çolakek ere abagune bikaina izan du 54. minutuan, baina aukera honetan ere Yoelek gelditu ona egin eta Deporren gola eragotzi du. Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldea jaun eta jabe izan da bigarren zatian eta 66. minutuan Yoelek ondo harrapatu du Andoneren jaurtiketa gurutzatua. Deportivok itsu-itsuan jo du berdinketaren bila eta lortzeko merituak egin ditu. Eibar ezinean ibili da, aurkariaren menpe, baina 73. minutuan Sergi Enrichek area barrua baloia jaso, pasea eman dio Lejeuneri eta defentsa armaginak sare barrura bultzatu du (3-1). Hirugarren golak min handia egin dio Galiziako taldeari eta azken minutuetan ez du emaitzari eusteko arazorik izan Eibarrek. Amaieran, hiru puntuak etxean geratu dira.
Fitxa teknikoa:
3 - SD Eibar: Yoel; Capa, Galvez, Lejeune, Antonio Luna (Ruben Peña, m. 64); Christian Rivera, Dani Garcia; Pedro Leon, Adrian, Inui (Arbilla, m. 71); eta Sergi Enrich (Bebe, m. 89).
1 - Deportivo La Coruña: Tyton; Juanfran, Arribas, Sidnei, Fernando Navarro; Guilherme, Borges (Marlos Moreno, m. 82); Carles Gil (Joselu, m. 72), Emre Çolak, Bruno Gama (Kakuta, m. 61); y Andone.
Golak: 1-0. m.3: Adrian; 2-0. m.14: Sergi Enrich. 2-1. m.18: Emre. 3-1. m.71: Lejeune.
Epailea: Juan Martinez Munuera.
nuera.