Itxi

Eibar

3-1

Eibarrek ez dio aukerarik eman Sportingi, eta final-zortzirenetan dago

Mikel Dominguez | eitb.eus

Armaginek nagusitasuna izan dute Ipuruan, eta hasieratik itxi dute kanporaketa, Kike Garciaren bi goli eta Adrianen tantoari esker.

  • Kike Garcia, protagonista / EFE.

    Kike Garcia, protagonista / EFE.

Eibar Errege Kopako final-zortzirenetara sailkatu da Sporting kanporatuta. Partida erraza izan dute armaginek. Molinonen lortutako aldeko emaitza (1-2) hobetu dute neurketaren hasieratik.

Ezinhobe. Hasierako aldeari Kike Garciaren gol goiztiarra batu zaio. 40 segundo nahiko izan dira aurrelariak Mariñoren urrunketa txar bat aprobetxatuta baloia sareetara bidaltzeko, Sportingen planak ia ezinezko bihurtuz.

Eibarrek kontrolpean zuen kanporaketa, eta kanpokoek aukera bakarra zuten: animatzea eta gora begiratzea. Ordu erdira, Yoelek bikainki urrundu du Xavi Torresen jaurtiketa bat, baina atsedenaldia heldu baino lehen, Adrianek Riveraren pase on bat jaso, eta Sportingen atzeko lerroa gainditu du, neurketa eta kanporaketa itxi dituzten gola sartuta.

Bigarren zatia lehenengoa bezala hasi da. 40 segundora, hasierakoa bezalako jokaldi batean egin du hirugarren gola Eibarrek. Kike Garciak Mariñoren aldaratze bat aprobetxatu du, Riveraren jaurtiketa baten ostean, eta gol festarekin jarraitu du.

Sporting ez da aurkaria izan Eibarrentzat, partidatik kanpo momentu garrantzitsuetan. Hala ere, Yoel atezaina protagonista izan da geldiketa bikain batzuk eginda. 81.ean, Akram Afifen gola saihestu du du, baina ia luzapenean, Ruben Sanchezek asturiarren ohorezko gola sartu ahal izan du, buruz errematatuta ezkerretik egindako erdiraketa bat.

FITXA TEKNIKOA

Eibar: Yoel; Capa, Dos Santos, Galvez (Lejeune, 46. min), David Junca; Escalante (Ruben Peña, 74. min), Christian Rivera; Jota Peleteiro, Adrian, Bebe; eta Kike Garcia (Nano, 60. min).

Sporting: Mariño; Douglas, Juán Rodriguez, Babin, Canella; Carmona (Akram Afif, m. 63. min), Xavi Torres, Nacho Cases (Cristian Salvador, 83. min), Victor; Burgui (Ruben, 63. min), eta Borja Viguera.

Golak: 1-0. 1. min. Kike Garcia; 2-0. 43. min. Adrian; 3-0. 46. min. Kike Garcia; 3-1. 88. min. Ruben.