Eibar
Porrota Gijonen
Defentsan egindako hutsak garesti ordaindu ditu Eibarrek (2-0)
Leire Etxazarra | eitb.eus
Mendilbarren taldea Sporting baino gehiago izan da, baina ez da sortutako gol-aukerak aprobetxatzeko gai izan. Epaileak, gainera, baliorik gabe utzi du Peleteirok legez sartutako gola.
-
Escalante, Dos Santos eta Halilovic. Argazkia: Efe.
Eibarrek merezi gabeko porrota hartu du El Molinon zelaian. Porrota atsedenaldiaren atarian asturiarrei egindako opari batekin bideratu dute. Eibarreko atzelarien hutsari esker, Abelardoren taldeak gola egin du 42. minutuan, lehen zatian izan duten lehen aukera argian.
Ordura arte, gipuzkoarrak jaun eta jabe izan dira zelaian. Eroso jokatu dute, berdegunean posizioak ondo hartuta. Sporting estu eta larri dabil Lehen Mailari eusteko borrokan, eta urduri atera da zelaira.
Jota Peleteirok izan ditu armaginen bi aukerarik argienak lehen zatian, 20. eta 24. minutuetan. Bietan ez du baloia ondo jo Cuellar atezainaren aurrean bakar-bakarrik geratu denean.
Eibar hobeto aritu denean iritsi da Sportingen gola, defentsan egindako huts baten ondorioz. Jonyk baloia eskumako aldetik erdiratu eta Carmonak Riesgoren atean sartu du, oso erraz, Mendilibarren atzelariek marka barik utzi dutelako. Sportingen aukera bakarra izan da lehen zati osoan.
Enrichen aukera
72. minutuan, Enrichek berdinketa egiteko aukera paregabea izan du, baina baloia zutoinaren kontra bidali du.
81.ean, defentsako bigarren huts larria egin dute eibartarrek, eta Jonyk ondo aprobetxatu du aukera Sportingen bigarren egiteko. Bakar-bakarrik geratu da jokalari asturiarra Riesgoren aurrean.
Eta 86. minutuan, jokaldi polemikoa: epaileak Jota Peleteirok egindako legezko gola baliorik gabe utzi du, jokoz kanpokoa adieraziz.
Azkenea, 2-0 Sportingen alde. Zigor handiegia Eibarrentzat. Asturiarrek arnasa hartu dute eta, momentuz, jaitsiera postuetatik kanpo atera dira.
Fitxa teknikoa:
2 - Sporting: Cuéllar, Lora, Luis Hernández, Jorge Meré, Isma López, Sergio Álvarez, Nacho Cases, Carmona (Älex Menéndez, 67. min), Halilovic (Carlos Castro, 73. min) Jony eta Sanabria (Guerrero, 77. min).
0 - Eibar: Asier Riesgo, Capa, Dos Santos, Ramis, Luna (Gayoso, 85. min), Dani García, Escalante (Inui, 73. min), Hajrovic (Borja Bastón, 62. min), Adrián, Jota Peleteiro eta Sergi Enrich.
Golak: 1-0, 42. min: Carmona. 2-0, 81. min: Jony.