Itxi

Eibar

2-1

Eibarrek derbia irabazi dio Realari eta salbazioa bermatu du

Erredakzioa

Armaginek 2-1 irabazi dute txuri-urdinen aurka. Zurutuzak sartu du lehen gola, baina atsedenaldira iritsi orduko Sergi Enrichek banakoa egin du . 57. minutuan Escalantek sartu du garaipenaren gola.

  • Eibar-Reala. Argazkia: EFE

    Eibarrek Realaren banakoa sartu duen unea. Argazkia: EFE

Eibarrek 2-1 irabazi dio Realari Ipuruan jokatu den derbi gipuzkoarra eta armaginek mailari eusteko aurrerapauso ikaragarria eman dute. Armaginek ez daukate salbazioa matematikoki bermatuta, baina ia ziurra da datorren denboraldian BBVA Ligan jarraituko dutela. Gipuzkoako bi taldeak 41 punturekin berdinduta daude sailkapenean.

Lehen zatiko hasierako minutuetan Reala izan da nagusi. Talde txuri-urdina izan da baloiaren jabe eta lehen abaguneak Eusebiok zuzentzen duen taldearenak izan dira. Norgehiagokako lehen abagunean sartu du gola Realak; Zurutuzak area kanpoan baloia hartu eta era ikusgarrian 0-1ekoa egin du. Golak min egin dio Eibarri eta txuri-urdinek nagusi izaten jarraitu dute. Velak bigarren gola sartzeko aukera paregabea izan du 25. minutuan, baina errematea kanpora bidali du Riesgo atezainaren aurrean egon denean. Hiru minutu beranduago, Oyarzabalek jokaldi bikaina egin du hegaletik, pase ona jarri du penalti puntuan, baina Riesgok aurrea hartu dio Zurutuzari, errematea egin aurretik.

Eusebiok zuzentzen duen taldea jaun eta jabe izan da lehen 30 minutuetan. Eibar erantzuteko gaitasunik gabe geratu dela ematen izan du, baina armaginen lehen abagunean partida berdindu egin dute. Sergi Enrichek buruz errematea egin, eta banakoa (1-1) sartu du, Rulli gaindituta. Lehia berdindu ostean Eibar izan da nagusi eta Rulliren ate ingurura arriskua eraman duen arren, ez da beste gol bat sartzeko gai izan atsedenaldira iritsi baino lehen.

Bigarren zatiaren hasieran, Realak bigarren gola sartzeko abagune bikaina izan du. Hegaletik etorri den erdiraketa oso ondo errematatu  du Markel Bergarak baina Asier Riesgo atezainak txuri-urdinen gola eragotzi du gelditu ikusgarri batekin. Reala jaun eta jabe izan da bigarren zatiko lehen minutuetan eta 56. minutuan epaileak baliorik gabe utzi du Xabi Prietoren gola, jokoz kanpo egon delako.

Eibar estuasun handiak pasatzen ibili da, eta Realaren gola legez kanpo geratu ondoren, armaginek aurrea hartzea lortu dute. Zurutuzak huts egin du pasea ematerakoan, Borja Bastonek baloia jaso eta erdiraketa egin du; Rullik ere kale egin du baloia aldentzerakoan eta Escalantek ez du oparia alferrik galdu, errematea sare barrura bidalita (2-1).

Azken minutuetan ere Reala izan da baloiaren jabe, baina txuri-urdinek ez dute abagune argirik sortu. Eibar sendo ibili da defentsako lanean eta kontraerasora noiz irtengo zain egon da. 82. minutuan izan dute partida guztiz erabakita uzteko abagunea; Borja Bastonen eta Kekoren artean jokaldi bikaina egin dute, eta Rullik bikain atera du Kekoren jaurtiketa. Gainera, 86. minutuan beste aukera bat izan du Eibarrek, baina Gonzalo Escalanteren erremateak langa jo eta kanpora joan da. 90. minutuan gutxigatik kanpora joan den Velaren falta jaurtiketa baten bitartez izan du berdinketa lortzeko aukera Realak; mexikarraren jaurtiketa, ordea, kanpora joan da, eta Eibarrek lortu du garaipena (2-1).

Fitxa teknikoa:

2 Eibar: Riesgo; Capa, Ansotegi, Ramis, Antonio Luna; Keko Gontan, Escalante, Dani Garcia, Inui (David Junca, 66. min); Borja Baston (Jota Peleteiro, 86. min) eta Sergi Enrich (Adrian, 77. min).

1 Reala: Rulli; Aritz Elustondo, Reyes, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche; Markel Bergara (Granero, 83. min), Illarramendi; Oyarzabal, Xabi Prieto (Jonathas, 64. min), Zurutuza (Bruma, 75. min); eta Carlos Vela.

Golak: 0-1. 6. min. Zurutuza; 1-1. 31. min. Sergi Enrich; 2-1. 57. min. Escalante.

Epailea: Mario Melero Lopez.

lero Lopez.

lero Lopez.