Itxi

Eibar

5-1

Eibarrek Granada jipoitu du erakustaldia emanda

A.B.

Armaginek 5-1 irabazi diote Granadari. Inuik sartu du lehen gola eta bina gol sartu dituzte Sergi Enrichek eta Borja Bastonek. 33 punturekin Europako postuetan daude gipuzkoarrak.

1:38

Eibarrek 5-1 irabazi dio Granadari Ipuruan eta BBVA Ligako bigarren itzulia, lehena amaitu zuen postu berean hasi du; seigarren, Europa Ligara sailkapena ematen duen postuan.

Partida erritmo biziarekin hasi da, baina Eibar izan da baloiaren jabe lehen minutuetan. Lehen abagunea armaginek sortu dute 11. minutuan, baina Kekoren erdiraketa ona Granadako defentsak moztu du. Andaluziarrek 18. minutuan erantzun dute Succesen jokaldi on baten bitartez. Granadako jokalariaren pasea, ordea, labur geratu eta armaginek arriskua aldentzea lortu dute. Hasierako minutuen ostean, partida parekatu egin da. Borja Baston gola sartzetik gertu egon da, baina Andres Fernandez atezainak jaurtiketa aldendu du.

Lehen zatiaren azken txanpan, Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak erasora jo du, eta 35. minutuan lehen gola lortu du. Inuik 1-0ekoa egin du bigarren zutoinera joan den erdiraketa sare barrura errematatuta. Golak indarra eman dio Eibarri eta 38. minutuan, Sergi Enrichek 2-0ekoa sartu du Kekoren pasea baliatuta.

Bigarren zatiaren hasieran Eibarrek kontrolpean izan du partida, baina ez da abaguneak sortzeko gai izan. Granadak ere ez dio arazo askorik sortu, hala ere, El Arabik 2-1ekoa sartu du 64. minutuan,  armaginek defentsan egindako hutsaren ondorioz.

Granadak gola sartu ostean, partida estu jarriko dela ematen izan du, baina armaginak ez dira kokildu eta Sergi Enrich azaldu da, 68. minutuan 3-1ekoa egiteko. Hirugarren golak lasaitasuna eman dio Eibarri eta bost minutu geroago laugarren gola sartzea lortu du Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak. Borja Bastonek sartu du 4-1ekoa.

Armaginen laugarren golarekin partida guztiz erabakita geratu da; Eibarrek, ordea, ez du etsi eta beste gol bat sartzea ere lortu du. 5-1ekoa ere Borja Bastonek sartu du. Amaieran, garaipena eta poza nagusi Ipuruan.

Fitxa teknikoa:

5 - SD Eibar: Riesgo; Capa, Dos Santos, Ramis, Antonio Luna (David Junca, 62. min); Keko Gontan, Dani Garcia, Adrian, Inui (Saul Berjon, 71. min); Sergi Enrich (Verdi, 79. min) eta Borja Bastón.

1 - Granada CF: Andrés Fernandez; Foulquier, Mainz, Lomban, Biraghi; Khrin; Edgar, Agbo Uche (El Arabi, 46. min), Ruben Perez (Fran Rico, 46. min), Success; eta Peñaranda (Miguel Lopes, 85. min).

Golak: 1-0. 34. min. Inui; 2-0. 37. min. Sergi Enrich; 2-1. 64. min. El Arabi; 3-1. 68. min. Sergi Enrich; 4-1. 73. min. Borja Baston; 5-1. 78. min. Borja Baston.

Epaileak: Jose Maria Sanchez Martinez.

nchez Martinez.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Eibar