Eibar
Lagapena
Izet Hajrovic Bosniako internazionala, Eibarrera
Agentziak | Erredakzioa
Erasoko atzelaria da, eta Werder Bremenek utzita jokatuko du talde armaginean. Eibarrek ez du fitxatzeko aukerarik izango.
-
Izet Hajrovic / Eibar.
Izet Hajrovic Bosniako jokalari internazionalak Eibarren jokatuko du denboraldi honetan, Alemaniako Werder Bremenek utzita. Talde gipuzkoarrak ez du fitxatzeko aukerarik izango denboraldiaren amaieran.
Erasoko erdilaria da Hajrovic, eta eskuinaldean ere joka dezake. Bundesligako lehen hiru partidetan ez du jokatu, eta, hortaz, beste talde baten bila zebilen, jokatzeko gogoz.
Gaur Ipuruan izan da, kontratua sinatzeko, baina datorren astean hasiko da Eibarrekin entrenatzen; izan ere, Bosnia-Herzegovinako selekzioarekin partidak ditu ondorengo egunetan.
Jokalaria Suitzan jaio zen, Brugg hirian, 1991ko abuztuaren 4an; 1,77 metroko altuera du eta 71 kilo pisatzen ditu. Gurasoak bosniarrak ditu, baina Suitzara joan ziren 1987an.
Brasilgo Munduko Kopa jokatu zuen Bosniako selekzioarekin. Guztira, 14 aldiz izan da internazionala, eta 2 gol sartu ditu. Eibarrek udan fitxatu duen hamabosgarren jokalaria Betisek ere fitxatu nahi zuen, baina armaginen proposamena onartzea erabaki du azkenean.