Itxi

Eibar

Porrota Ipuruan

Real Madrilek festa hondatu dio Eibarri (0-4)

Erredakzioa

Armaginak ondo hasi dira, aukerak sortuz, baina madrildarrek euren kalitatea eta nagusitasuna argi utzi dute. James, Benzema eta Cristiano (bi, bigarrena penaltiz) izan dira golegileak.

Eibar-Real Madril

Eibar galtzaile atera da Ipuruan Real madrilen aurka jokatutako partidan. 0 eta 4 nagusitu da Ancelottiren taldea, Eibarrek amore eman ez duen arren. Madrildarrak sendo dira lehen mailako sailkapenean.

Zuriak lehen zatian aurrea hartu dute Jamesek eta Cristiano Ronaldok sartutako golei esker. Bigarren zatian, Benzema eta Cristiano Ronaldo bera izan dira golegileak.

Real Madrilek partidaren erritmoa ezarri eta kontrolpean izan du. Eibartarrak adoretsu aritu dira, aukerak ere sortu dituzte, baina ez da nahikoa izan madrildarren kalitateari aurre egiteko.

eibar real madrid ekiza bale efe

22. minutuan iritsi da lehen gola, Jamesek egin du. Polemika izan da, izan ere, aurretik Benzema jokoz kanpo izan baita baloia jaso duenean.

Ondoren, Saul Berjonek berdinketa egiteko aukera paregabea izan du, baina Casillasek ondo erantzun dio aurrelariaren erremateari.

Atsedenaldiaren atarain, Cristiano Ronaldok 0 eta 2koa egin du, eskuin hankarekin egindako jaurtiketa batekin, Carvajalen pasea jaso ondoren.

Bigarren zatia

Atsedenaldiaren ostean, Real Madril eroso aritu da, eta gol gehiago egiteko aukerak izan ditu, baina Xabi Iruretagoienak geldiketa bikainak egin ditu.

68. minutuan, Benzemak madrildarren hirugarrena egin du, Bovedak defentsan egindako hutsari etekina aterata. Norgehiagoka erabakita utzi du frantziarrak.

Penaltia

81. minutuan, Cristiano Ronaldok jaurtitako faltak hesian jo du, Albentosaren besoan, eta epaileak penaltia adierazi du. Aurrelari portugaldarraren jaurtiketa eibartarren atean sartu da. Zurien laugarrena.

Fitxa teknikoa:

0 - Eibar: Xabi Iruretagoiena; Bóveda, Albentosa, Ekiza, Abraham; Errasti, Dani García; Capa, Arruabarrena (Lekic, 77. min), Saúl Berjón (Javi Lara, 77. min); eta Manu del Moral (Angel, 69. min).

4 - Real Madril: Casillas; Carvajal, Pepe, Sergio Ramos (Varane, 72. min), Marcelo; Isco, Kroos, James (Coentraro, 77. min); Bale, Benzema, Cristiano Ronaldo (Arbeloa, 83. min).

Golak: 0-1. 22. min. James; 0-2. 42. min. Cristiano Ronaldo; 0-3. 68. min. Benzema; 0-4. 82. min Cristiano Ronaldo (penaltiz).