Itxi

Eibar

1-0

Eibarrek Reala gainditu du Lehen Mailako estreinaldian

Erredakzioa

Javi Larak sartu du, 45. minutuan, partidako gol bakarra. Armaginek partida serioa jokatu dute etxean.

0:00

Eibarrek modu ezin hobean ekin dio Lehen Mailako abenturari. Gaizka Garitanoren taldeak Reala hartu du mendean (1-0), ligako lehen jardunaldian. Javi Lara izan da golegilea.

Lehen zatiaren hasiera erritmo handikoa izan da, batez ere, Eibarrek ezarritakoa. Neurketaren aurreneko gol-aukera Canalesek izan du, baina baloiaren jabetza Eibarrena izan da. Etxeko taldea gehiago izan da.

Gaizka Garitanoren taldeak markagailua estreinatzeko hainbat aukera izan ditu, baina argiena 23. minutukoa izan da: Zubikaraik kostata urrundu du Javi Lararen errematea, aldaratzea Arruabarrenari heldu zaio eta atezain txuri-urdinak kornerrera bidali du, modu ezin hobean. Jagoba Arrasateren taldean, Sergio Canales izan da etxekoen ate ingurura arrisku gehiagorekin hurbildu den gizona.

Eta Eibarren gola 45. minutuan heldu da. Javi Larak zuzenean jaurti du falta bat, kornerretik gertu eta ia ikuspegirik gabe, eta bigarren zutoinean Zubikarai gainditu du (1-0).

52.ean, norgehiagoka berdintzeko urrezko aukera izan du Imanol Agirretxek, baina erdira errematatu du aurrelariak eta Iruretak ez du bere jaurtiketa gelditzeko arazorik izan.

Realaren jokoak hobera egin du minutuek aurrera egin ahala, eta jokaldi arriskutsuak sortu ditu. Hala ere, Eibarrek ez du amore eman eta 68.ean gutxigatik ez du 2-0ekoa sartu. Caparen erdiraketa arriskutsua ezin izan du Del Moralek errematatu.

Velak gutxigatik ez du banakoaren gola sartu, 76.ean, baina bere burukada kanpora joan da. Hobeto aritu da talde txuri-urdina Arrasatek egindako aldaketekin, baina Eibarrek bikain defendatu du.

Fitxa teknikoa:

1.- SD Eibar: Xabi Iruretagoiena; Boveda, Albentosa, Raul Navas, Abraham; Errasti, Dani García; Capa (Piovaccari, 92'), Arruabarrena, Javi Lara (Lillo, 84'); eta Angel (Manu del Moral, 65').

0.- Reala: Zubikarai; Carlos Martínez (Zaldua, 75'), Elustondo, Iñigo Martinez, Yuri (Chory Castro, 70'); Markel Bergara; Granero, Zurutuza (Carlos Vela, 62'); Prieto; Agirretxe eta Canales.

Gola:

1-0. 44': Javi Lara.