Itxi

Athletic Club

Adierazpenak

Llorentek ekainean alde egingo duela konfirmatu du

Erredakzioa

Errioxarrak prentsak giro txarra handitzen lagundu duela eta taldea uzteko beste zergaitia dela adierazi du. Gainera, Athleticen partez ez duela xantaia egiteko asmorik ikusten onartu du.

03:15
Llorentek Athletic ekainean utziko duela baieztatu du

Fernando Llorentek Athletic Club ekainaren 30ean utziko duela konfirmatu du, prentsaurrekoan. Errioxarrak, arrazoi nagusien artean, prentsak bere aurka sortutako "giro txarra" nabarmendu du.

"Prentsak ez du lagundu, argi dago. Irten diren gauza gehienak gezurrak izan dira, baina azkenean lortu duzue (kazetariei), zale batzuk nire aurka jarri dituzue eta nik alde egitea nahi dute", azaldu du Llorentek.

Erabakia, abuztuaren 2an, Slavenen aurkako partidan txistuak entzun ondoren hartu zuela aitortu du. "Orduan triste jarri nintzen eta erabakia hartu nuen", esan du Llorentek. Zaletu gehienek maite dutela badakila ere onartu du.

Errioxako jokalariak Athleticek egin dion eskaintza ekonomikoa "ukaezina" dela ere onartu du. Llorentek klubari izandako batzarretatik "ezer ez kaleratzea" eskatu ziola ere gogoratu du. "Ez dut Athletic erruduna dela esaten, baina egunkarietan gauzak kaleratzen dira, eta horrek egoera deserosoan uzten nau", esan du.

Gainera, FIFPro futbol jokalarien sindikatuak egindako salaketaren inguruan, Athleticek ez duela inongo xantairik egin argi utzi du. "Entzun dut, baina Athleticek ez didala xantaiarik egin argi utzi nahi dut", esan du Fernando Llorentek.