Itxi

Athletic Club

Bartzelona-Athletic (5-1)

Bartzelonan desagertu eta jipoi mingarria jaso du Athleticek

Erredakzioa

Neurketa hasi baino lehenago bukatu da; izan ere, Bielsaren jokalariak etsita berdeguneratu dira. Athleticek ia ez du erasoko jokaldirik egin eta defendatzera mugatu da.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Bartzelona: Victor Valdes; Adriano (Montoya, 73. minutua), Pique, Mascherano, Jordi Alba; Busquets (Song, 75. minutua), Xavi, Cesc; Pedro, Messi eta Iniesta (Thiago, 73. minutua).

Athletic: Iraizoz; Ramalho (San Jose, 73. minutua), Ekiza, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe, De Marcos, Herrera, Susaeta (Toquero, 64. minutua); Aduriz (Llorente, 46. minutua) eta Ibai Gomez.

Golak: 1 - 0, 22. minutua, Pique. 2 - 0, 25. minutua, Messi. 3 - 0, 45. minutua, Adriano. 4 - 0, 56. minutua, Cesc. 4 - 1, 64. minutua, Ibai. 5 - 1,70. minutua, Messi.

Athleticek jipoia jaso du Camp Noun, historiarik izan ez duen neurketa batean (5-1). Bartzelonak laster bideratu du norgehiagoka zuri-gorrien nagikeria aprobetxatuz. Bigarren zatia soberan egon da.

Historia beste behin errepikatu da eta Athletic aldez aurretik etsita zelairatu da Camp Noun. Hasieratik Bartzelonak erasora jo eta talde zuri-gorriaren baloi irteera oztopatu du. Athleticek ez du erasoko jokaldirik josi lehen zati osoan.

Horrela gauzak, blaugranen aurreneko gola 22. minutuan heldu da. Zuri-gorriek korner bat gaizki defendatu eta Piquek ederki aprobetxatu du lehen gola sartzeko. Kolpea hartzeko denborarik gabe Messik bigarrena egin du bilbotarren defentsak berriz kale egin ostean. Atzelari zuri-gorria ez dira fin ibili jokoz kanpoko lerroa botatzeko orduan.

Athleticek desagertuta jarraitu du jipoia jasotzeko prest. Bielsaren jokalariek ez dute errematerik egin lehen zatian. Horrela, Adrianok hirugarren gola sartu du atsedenaldia baino lehen, defentsaren beste huts batean.

Atsedenaldiaren ostean gauzak gutxi aldatu dira. Bielsak aulkia mugitu eta Llorente Adurizen ordez berdeguneratu du. Baina bilbotarrek desagerturik jarraitu dute eta blaugranen festak jarraitu du. Cescek laugarren gola sartu du, eta jarraian Athleticek partidako bere lehen errematea egin du.

Gutxi geroago Ibai Gomezek ohorezko gola egin du Athleticentzat. Jarraian Messik markagailua itxi du. Horrela, Athletic Ligan gol gehien jaso duen taldea da dagoeneko.