Itxi

Athletic Club

EUROPA LIGA

Manchester United izango da Athleticen aurkaria finalerdietan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Joaneko partida maiatzaren 1ean jokatuko da San Mamesen, eta itzulerakoa maiatzaren 8an, Old Trafforden.

  • Iñigo Lekue, Europa Ligako Rangersen aurkako partidan. Argazkia: EFE

    Iñigo Lekue, Europa Ligako Rangersen aurkako partidan. Argazkia: EFE

Athleticek Manchester United izango du aurkari Europa Ligako finalerdietan, ostegun honetan Rangers kanporatu ostean (2-0), final-laurdenetako kanporaketan. San Mamesek hartuko du joaneko lehia, maiatzaren 1ean; itzulerako neurketa, berriz, hil bereko 8an izango da, Old Trafforden.

Unitedek epikari eutsi dio txapelketan bizirik mantentzeko, luzapenean garaitu baitu Lyon. Ingelesak 2-0 aurreratu dira, baina frantziarrek partida berdintzea lortu eta luzapena behartu dute. Bertan, Olympique 2 eta 4 egon da irabazten, baina etxekoek markagailua irauli dute hiru golekin (5-4).

Beste kanporaketan, Tottenham eta Bodö/Glim izango dira aurrez aurre. Norvegiako taldeak ezusteko handia eman du Lazio penaltietan kanporatuta, eta hartara, herrialde horretako lehen taldea bihurtu da Europako txapelketa bateko finalerdietara iristen.

Athleticen Europako hirugarren finalerdia
Athleticek bere historian hirugarren aldiz jokatuko ditu Europako txapelketa bateko finalerdiak. Aurreko bietan (1976-77an eta 2011-12an) finalera heltzea lortu zuen, nahiz eta bietan galdu.