Itxi

Athletic Club

1-1 Deportivoren aurka

Athletic, nahi eta ezin

Erredakzioa

Gehiago merezi izan du Marcelo Bielsaren taldeak, baina puntu bat baino ez du lortu Deportivoren kontra. De Marcosek estreinatu du markagailua, eta berdinketaren gol Abel Aguilarrena izan da.

  • Athletic-Deportivo. Argazkia: EFE

    Athletic-Deportivo. Argazkia: EFE

Bana egin du Athleticek San Mamesen, Deportivoren aurka. Gehiago merezi izan du Bilboko taldeak, baina ezin izan ditu hiru puntuak eskuratu.

Joko ona egin dute zuri-gorriek lehen zatian. Hasierako minutuetan galduta ibili diren arren, laster eman diote partidari eman beharreko erritmoa eta intentsitatea.

Etxekoen aurreneko gol aukera garbia Oscar de Marcosentzat izan da (8. minutuan), baina indarrik gabeko jaurtiketa izan da eta arazo barik gelditu du German Lux atezainak. 18. minutuan aukera bikoitza izan du Llorentek. Lehenengoan langara bidali du baloia, buruz, eta bigarrenean, aldaratzea berari erori zaionean, ezin izan du Lux gainditu. 20.ean, ezustekoa eman diete Ekizak eta Iraizozek zaleei. Ez dira ondo ulertu eta baloia kornerrera joan da, zorionez.

24.ean, markagailua estreinatu du De Marcosek Athleticen gola sartuta: Susaetak pase bikaina eman dio, eta gasteiztarrak ez du ezkerreko hankarekin huts egin. Aste honetan hil den Alfonso Ruiz fisioterapeutari eskaini dio gola De Marcosek.

Bigarrena nahi zuen talde zuri-gorriak, eta Iturraspe urrutitik saiatu da 31. minutuan. 38.ean, Llorenterentzat izan da abagunea, eta gutxigatik, kanpora bidali du baloia. Lehenago txistuak entzun behar izan dituen arren, une horretan zaleen babesa jaso du Ricon de Sotokoak.

Bigarren zatia gorabeheratsuagoa izan da. 53.ean, neurkerta berdindu du Abel Aguilarrek. Kolonbiarrak Juan Carlos Valeronen erdiraketa baliatu du Gorka Iraizozek defendatutako atea zulatzeko.

Lanean jarraitu du Athleticek, bigarren golaren bila, baina urduritasuna nabariagoa zen. Aukera asko sortu ditu etxeko taldeak; Llorentek, Ibai Gomezek, Iraolak...baina baloia ez da sartu. Azken minutuetan, gainera, arrisku handiarekin hurbildu da Deportivo Athleticen areara.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Amorebieta, Aurtenetxe (Ibai, 70'); Iturraspe; Susaeta, Herrera, De Marcos, Muniain; eta Llorente.

1 - Deportivo: Lux; Laure, Aythami, Roderick (Insua, 80'), Ayoze; Alex Bergantiños, Abel Aguilar; Bruno Gama, Valeron (Camuñas, 72'), Pizzi; eta Riki (Bodipo, 84').

Golak:

1-0, 23': De Marcos.
1-1, 52': Abel Aguilar.

Horrelakoa izan da partida eitb.com-en