Itxi

Athletic Club

5-1

Real Madrilen kalitateak eta epaileak punturik gabe utzi dute Athletic

Redacción

Etxeko taldea 3-1 irabazten ari zenean Coentraok eskuarekin moztu du baloia area barruan, baina Teixeirak ez du ezer adierazi. Hurrengo jokaldian, 4-1ekoa sartu du Real Madrilek.

  • Ramosek 2-0ekoa sartzeko errematea egin duen unea. Argazkia: EFE

Athleticek 5-1 gakdu du Real Madrilen aurka Santiago Bernabeun. Mourinhok zuzentzen duen taldearen kalitateak, eta Teixeira Vitienes epailearen erabakiek, gol zaparrada jaso arazi diote Athletici.

Parekotasuna izan da nagusi lehen minutuetan, eta Athletic taktikoki ondo kokatuta egon da partida hasieran. Hamabigarren minutuan, ordea, Modricek pase luzea eman dio Benzemari, eta Aurtenetxek bere atean sartu du 1-0ekoa, baloia aldentzeko asmoa izan duen arren.

Golak min egin dio Athletici, eta, gola sartuta Real Madril jaun eta jabe izan da. Etxeko taldeak abagune asko izan ditu, baina asko barkatu du Iraizozen ate aurrean. 29. minutuan Ramosek 2-0ekoa sartu du Ozilek ateratako falta bat, buruz sare barrura bidalita. Kale egin du Athleticek estrategia jokaldia defendatzerakoan. Bi minutu beranduago, 31. minutuan Benzemak sartu du 3-0ekoa.

Bigarren eta hirugarren golak bi minuturen buruan jasotzea, kolpe latza izan da Athleticentzat, baina zuri-gorriek gola sartzea lortu dute atsedenaldira iritsi aurretik. Susaetak jokaldi ona egin du hegaletik, eta Ibaik sare barrura bidali du errematea (3-1). Partida, 3-1ekoarekin iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatia Benzemak izan duen abagune on batekin hasi da, eta 58. minutuan etorri da partidako jokaldi eztabaidagarria. Coentraok eskuarekin moztu du baloia area barruan, baina Teixeira Vitienes epaileak ez du ezer adierazi nahi izan. Hurrengo jokaldian, Real Madrilek 4-1ekoa sartu du Ozilen bitartez. Ustezko 3-2kotik, 4-1ekora pasa da emaitza.

Real Madrilen laugarren golarekin, partida erabakita geratu da, baina, 73. minutuan Khedirak garaipena biribildu du, bosgarren gola sartuta (5-1). Azken minutuetan Iraizozek erantzun bikaina eman die Real Madrilek izan dituen abagune argiei. Horrenbestez, 5-1eko emaitzarekin bukatu da partida, eta hiru puntuak Real Madrilentzat. izan dira.

Fitxa teknikoa:

5 - Real Madril: Casillas; Arbeloa, Pepe, Sergio Ramos, Coentrao; Xabi Alonso, Modric, Ozil (Khedira, 62. min), Callejon (Di Maria, 70. min), Cristiano Ronaldo eta Benzema (Morata, 69. min).

1 - Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Aurtenetxe; Gurpegui (Castillo, 78. min); Susaeta, Iturraspe, Muniain (Llorente, 46. min), Ibai Gomez; eta Aduriz (Toquero, 67. min).

Golak: 1-0, 12. min: Aurtenetxek bere atean. 2-0, 29. min: Ramos. 3-0, 31. min: Benzema. 3-1, 42. min: Ibai. 4-1, 59. min: Özil. 5-1, 73. min: Khedira.

Epailea: Teixeira Vitienes.