Itxi

Athletic Club

2-3 O. Lyonen aurka

Athleticek miraria behar du

Erredakzioa

Athleticek partida irabazteko merituak egin ditu, baina ez ditu zortea eta punteria lagun izan eta porrot mingarria jaso du. Ia ezinezkoa du hurrengo kanporaketarako txartela lortzea.

02:26
Athleticeko jokalariak, porrotarekin 'amorratuta'

Athleticek porrot mingarria jaso du Lyongo Olinpiquen aurka (2-3), San Mamesen jokatutako Europa Ligako partidan, eta ia ezinezkoa du hurrengo kanporaketarako txartela lortzea.

Athleticek ondo jokatu du lehen zatian, baina 0-2ko markagailuarekin joan da atsedenaldira. Zuri-gorriei zehaztasuna falta izan zaie azken metroetan, eta, gainera, ez dute zortea lagun izan.


Ander Herrera, Oscar de Marcos eta Carlos Gurpegui jokalariek gola egiteko aukera paregabeak izan dituzte, baina baloia ez da sartu. Frantziarren lehen gola 22. minutuan sartu du Gomisek, buruz, Gourcuffek ateratako kornerra errematatuta.

Bielsaren gizonek lanean jarraitu dute, baina atsedenaldira heltzeko minutu baten faltan, Lyonen bigarrena sartu du Gourcuffek zorte txarreko jokaldian. Iraizozek Gomisek jaurtitako baloia urrundu du, baina aldaratzea Gourcuffi erori zaio eta sarea zulatu du.

Bigarren zatia hasi eta berehala, 1-2koa egin du Ander Herrerak jokaldi nahasi bati onura aterata, eta Athletic partidan sartu du. 54. minuturako partida berdinduta zuen etxeko taldeak. Gonalonsen Herrerari egindako penaltia adierazi du epaileak, eta Aritz Adurizek ez du hamaika metroetatik kale egin (2-2).

Baina 62.ean 2-3koa egin du O. Lyonek, min handia egin duen gola. Fofana eskuinetik joan da eta Lacazettek Gorka Iraizoz gainditu du. Urduritasuna nagusitu da orduan Athleticen eta ez da markagailuari buelta emateko gai izan.

Orain miraria behar du Athleticek: geratzen diren partida biak irabaztea, Sparta Pragak biak galtzea eta elkarren aurka, San Mamesen, jokatuko duten partidan Athleticek 3-1eko markagailua gainditzea.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, Amorebieta, Aurtenetxe (Ibai Gomez, 46'); Iturraspe; Susaeta, De Marcos, Herrera, Muniain (Isma Lopez, 85'); eta Aduriz (Llorente, 70').

3 - Olinpique Lyon: Vercoutre; Reveillere, Bisevac, Lovren, Umtiti; Fofana, Gonalons; Lacazette (Ferri, 81'), Gourcuff, Monzon (Malbranque, 67'); eta Gomis (Lisandro, 72').

Golak:

0-1, 22': Gomis.

0-2, 45': Gourcuff.

1-2, 48': Herrera.

2-2, 55': Aduriz.

2-3, 63': Lacazette.