Itxi

Athletic Club

1-2

Athleticek garaipen garrantzitsua lortu du Granadaren aurka

Erredakzioa

Bizkaitarrek ez dute ondo jokatu, baina erasoan eraginkorrak izan dira. Adurizek sartu ditu taldearen bi golak, lehen zatian, eta El Arabik egin du andaluziarren gola.

  • Athleticeko jokalariak Adurizek sartutako bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek garaipen landua lortu du Granadaren aurka, eta behealdeko postuetatik pixka bat aldendu da. Zuri-gorriek ez dute joko onik erakutsi, baina. 1-2ko emaitzarekin, partida eskuratu dute.

Granada gogotsu eta erasokor zelairatu da, eta Athleticek arazoak izan ditu baloi jabetza mantentzeko. Hamabigarren minutuan, ordea, Diakhatek falta egin dio Adurizi area barruan, eta epaileak Athleticen aldeko penaltia adierazi du. Adurizek jaurti du penaltia, eta maisuki 0-1ekoa sartu du.

Gola hartuta Granadak erasokor jarraitu du, baina Athletic lasaitu egin da, eta hobeto jokatzen hasi ere. Horrela, hogeita seigarren minutuan, Adurizek kontraerso bati amaiera bikaina eman dio gola sartuta. Area hertzetik egindako jaurtiketarekin Toño atezaina gainditu du (0-2). Granadak ez du gol aukera argiegirik sortu lehen zatian, eta Athletic bi goleko abantailarekin iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatia Iraizoz atepean egon gabe hasi da, eta Granadak gol aukera bikaina izan du. El Arabik gol aukera argia huts egin du, baina 53. minutuan pase dotorea eman dio Brahimiri, eta, hoenk Iraizoz gainditu du (1-2).

Granadak gola sartu eta gero, Athleticek izan ditu aukera onenak. San Joseren erremate baten ondoren, baloiak zutoina jo du, eta Toño atezainak erantzun bikaina eman dio De Marcosen jaurtiketa bati. Azken minutuetan, Iraizozek Granadak berdinketa lortzea eragotzi du, Torjeren eta Floro Floresen erremateei erantzun bikainak emanda.

Azkenean, garaipen garrantzitsua lortu du Athleticek Granadaren aurka. Talde andaluziarra jaitsiera postuetan utzi dute zuri-gorriek.

Fitxa teknikoa:

1 - Granada CF: Toño, Nyom, Siqueira, Mainz, Diakhate (Floro Flores, 76. min), Iriney (Orellana, 83. min), Mikel Rico, Brahimi, Torje (Ighalo, 78. min), Dani Benitez eta El Arabi.

2 - Athletic Club: Iraizoz, Iraola, Aurtenetxe, Amorebieta, Gurpegui, Iturraspe (San Jose, 54. min), De Marcos, Susaeta, Muniain, Ibai (Castillo, 78. min) eta Aduriz (Llorente, 66. min).

Golak: 0-1, 12. min: Aduriz, penaltiz. 0-2, 26. min: Aduriz. 1-2, 53. min: El Arabi.

Epailea: Muñiz Fernandez.