Itxi

Athletic Club

1-2, San Mamesen

Athleticek arnasa hartu ezinik jarraitzen du

Erredakzioa

Zuri-gorriek 1-2 galdu dute San Mamesen Getaferen aurka. Madrilgo taldeak estrategiako jokaldietan Athletici min handia egin dio, eta bi gol, erraz, eskuratu ditu.

  • Athletic-Getafe (1-2). Argazkia: EFE

    Athletic-Getafe (1-2). Argazkia: EFE

Athleticek burua altxatu ezinik jarraitzen du, Getaferen aurka San Mamesen 1-2 galduta. Bielsaren taldea, lehenengo zatian ezinean ibili da berdegunean, eta Luis Garciaren gizonek ederki aprobetxatu dituzte estrategiazko jokaldiak. Bigarren zatian Alvaro Vazquezek gol ikusgarri eskuratu du, eta Mikel San Josek zuri-gorrien gola partidako azkeneko minutuan lortu du.

Madrilgo taldeak partida erasoan sakatzen hasi du, baina Marcelo Bielsaren gizonek neurketako aurreneko bi abaguneak izan dituzte. Moyak Ibairen jaurtiketa ederki desbideratu du, eta De Marcosek ezin izan du Getafeko atezainak buruz burukoan gainditu. Estrategiazko jokaldi baten Luis Garciaren mutilek 0-1ekoa jarri dute markagailuan (11. minutua). Pedro Leonek erdiraketa bikaina jarri du, eta Juan Rodriguezek baloia sareetara bidali du.

Getaferen golaren jokaldian Carlos Gurpegui lesionatu egin da, eta bere ordez Mikel San Jose zelairatu behar izan da. 0-1ekoarekin Athletic oso minduta gelditu da, eta urdinek bigarren gola lortzeko aukera onak izan dituzte. Hala ere, pixkanaka, zuri-gorriak erasora animatu egin dira, eta Adurizek langa gainetik gutxigatik bidali du baloia, 27. minutuan. Atsedenaldia heldu aurretik Gorka Iraizozek bi gelditu erabakigarri egin ditu, eta lehenengo zatia 0-1ekoarekin bukatu da.

Bigarren zatian Athleticek estrategiazko jokaldietan asko sufritzen jarraitu du, eta Gorka Iraizozek gelditu egarrantzitsuak egin behar izan ditu. Hala ere, Getafek markagailuan 0-2koa jarri du, Alvaro Vazquezek txilena ikusgarri batekin gainditu baitu Nafarroako atezaina (57. minutua).

Marcelo Bielsaren mutilek markagailua iraultzeko erasoan gehiago sakatu dute, baina abagune urriak ezin izan dituzte gauzatu. Fernando Llorentek gola lortzeko aukera ederra izan du, 67. minutuan, baina aurrelari zuri-gorriaren errematea langara joan da. 78. minutuan, Moyak gelditu ikusgarria egin dio Ibai Gomezi, eta apurka Luis Garciaren taldea norgehigokaren kontrola hartzen joan da. Neurketako azkenengo minutuan, Mikel San Josek 1-2koa jarri du markagailuan.

- Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Iraizoz; Iraola, Gurpegui (San Jose, 15. minutua), Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe (Llorente, min.59); Susaeta, De Marcos, Muniain (Isma Lopez, 75. minutua), Ibai Gomez; eta Aduriz.

2 - Getafe: Moya; Valera, Abraham, Rafa, Miguel Torres; Juan Rodriguez, Xavi Torres; Pedro Leon (Alexis, 81. minutua), Barrada, Diego Castro (Lafita, 70. minutua); eta Alvaro Vazquez (Adrian Colunga, 76. minutua).

Golak: 0-1, 11. minutua: Juan Rodriguez. 0-2, 58. minutua: Alvaro Vazquez. 1-2, 94. minutua: San Jose.