Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Zigor handiegia Athleticentzat (2-1)

Erredakzioa

Marcelo Bielsaren taldeak sentsazio onak berreskuratu ditu Lyonen, baina, partida irabazteko gol aukerak izan dituen arren, esku hutsik itzuliko da etxera.

  • O. Lyon-Athletic. Argazkia: EFE

    O. Lyon-Athletic. Argazkia: EFE

Athletic Clubek porrota jaso du Olinpique Lyonen aurka (2-1), Europa Ligako multzoen faseko hirugarren jardunaldiko partidan. Bilbotarrek aurkariek baino hobeto jokatu dute, baina ez dira sortutako gol aukerak aprobetxatzeko gai izan eta esku hutsik itzuliko dira.

Sentsazio onak berreskuratu ditu Marcelo Bielsaren taldeak lehen zatian. Joko ona eskaini du Athleticek hasieratik, lasai eta gogoekin. Atzean sendo eta aurrean arriskuko jokaldiak sortzea izan dute helburu zuri-gorriek. Aurreneko abagunea Aritz Adurizentzat izan da, baina donostiarrak ezin izan du Herreraren pasea ondo kontrolatu (7. minutua).

Adurizena izan da ere lehen zatiko gol aukera garbiena. 25. minutuan, arean sartu da aurrelaria, erdira jaurti du eta kornerrera bidali du Vercoutre atezainak. Atsedenaldira heldu aurretik markagailua estreinatzeko aukera izan du Lyoneko Malbranquek. Gorkak arriskua urrundu du, eta atsedenaldian 0-0ekoa zen markagailua.

Bigarren zatian ere indartsu zelairatu da Athletic, baina gola gehien merezi zuen unean sartu du gola Lyonek. Lisandrok gol ederra sartu du buruz, 53. minutuan. Baina golak ez du Athletic kikildu, eta jarraian neurketa berdintzeko gol aukera izan du lehenengo Adurizek eta Susaetak ondoren.

Bielsak Fernando Llorente eta Ibai Gomez zelairatu ditu Aritz Aduriz eta Iker Muniain jokalarien ordez, hurrenez hurren. 70.ean erremate bikaina egin du Ibai Gomezek ezkerretik, baina errematera ez da inor heldu. Bi minutu geroago, Lyonen bigarrena sartzeko gol aukera izan du Gomisek. Gutxigatik kanpora joan zaio.

Amaierara heltzeko hamar minutaren faltan, berdinketaren gola egin du Ibai Gomezek. Fernando Llorenteren pase baliatu eta gol zoragarria sartu du bilbotarrak. Gomis agertu da berriro ere eta bera izan da Athleticen amesgaiztoa azken minutuetan. Partida erabat erota du, eta Briandek etxekoen bigarrena lortu du 86.ean.

Kostata lortuko dute zuri-gorriek Europa Ligako hurrengo faserako txartela, eta horregatik "finalak" izango dira fasea bukatzeko geratzen diren hiru norgehiagokak.

Fitxa teknikoa:

O. Lyon: Vercoutre, Reveillere, Lovren, Kone, Umtiti, Gonalons, Fofana, Malbranque (Lacazette, 65'), Briand, Lisandro Lopez (Gomis, 66') eta Monzon.

Athletic Club: Iraizoz, Iraola, Gurpegi, Amorebieta, Aurtenetxe, Iturraspe, Muniain (Ibai Gomez, 66'), Ander Herrera, Susaeta, De Marcos eta Aduriz (Llorente, 60').

Golak:

1 - 0, 54', Lisando Lopez.
1 - 1, 79', Ibai Gomez.
2 - 1, 86', Briand.

Horrelakoa izan da partida eitb.com-en