Athletic Club
Europa Liga
Athletic bigarren sailkatu da final-zortzirenetara, Viktoria Pilseni irabazita (3-1)
I. G. | EITB MEDIA
Nico, Yeray eta Martonen golek garaipena eman diete zuri-gorriei, eta Porto, Erroma, Ferencvaros edo Viktoria Pilsen, berriz, izan ahal dituzte aurkari Europa Ligako final-zortzirenetan.
-
Nico Williamsek sartu du lehen gola. Argazkia: EFE.
Athleticek garaipen batekin itxi du Europa Ligako ligaren fasea ostegun honetan, Viktoria Pilsen 2-1 menderatuta San Mamesen. Nicok aurreratu ditu zurigorriak lehen zatian eta Yerayk buruz sartu du, Havelen kontrako gola ezerezean uzteko. Marton golegile bezala estreinatu da partida ixteko.
Zurigorriak izan dira aurkariaren atea erasotzen lehenak, Nicok hurbiletik gola sartzeko aukera izan duen jokaldi on batekin, baina jaurtiketa ahulegia atera zaio. Geroago, bere anaia izan da urrutiko jaurtiketa batekin saiatu dena, baina gora joan zaio.
Txekiarrak ez dira gutxiago izan, eta erasoko jokaldi batean Agirrezabala Kalvachen bolea gelditzera behartu dute. Euskaldunek Guruzetaren burukada batekin erantzun dute, korner batean, baina hori ere gora joan da.
Vivianek markagailua ireki du 22. minutuan Nicoren erdiraketa buruz errematatuta sare barrura, baina jokoz kanpo zegoen eta epaileak gola baliogabetu du. Hala ere, Nicok hurrengo jokaldian sartu duen golak balio izan du. Iñaki Williamsek sekulako lasterraldia egin du hegaletik, gero baloia anaiari uzteko eta honek, ate hutsean, gola nahi bezala sartzeko (1-0).
Golaren ostean Athletic nagusi izan da jokoaren alderdi guztietan, aurkaria baino hobea izan da eta kontraeraso batean Guruzetak eta Nicok aldea handitzeko aukera izan dute, baina bien jaurtiketek defentsarekin egin dute topo.
Bigarren zatian Valverderen taldeak partida kontrolpean izaten jarraitu du, eta geldikako jokaldi batean bigarren gola iritsi da. Berenguerrek erdiraketa jarri du eta Yeray denarekin sartu da defentsari ihes egin eta baloia sarera bidaltzeko (2-0).
Baina dena ezin zen hain erraza izan, eta zurigorrien defentsako akats batek Havelek aldea txikitzea eragin du (2-1).
Azken minutuetan Athleticek presioa jaitsi du, eta aurkaria horretaz baliatu da min egiten saiatzeko, ezer lortu gabe. Gainera, epaileak Vasulin kanporatu du txartel gorriarekin De Marcosi eginiko falta gogor batengatik.
Dena erabakita, Marton golegile bezala estreinatu da eta Athleticek garaipena lortu du (3-1). Orain, Porto, Erroma, Ferencvaros edo Viktoria Pilsen, berriz, izan ahal dituzte aurkari Europa Ligako final-zortzirenetan.
Fitxa teknikoa:
3 - Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivián, Yeray, Yuri; Jauregizar (Vesga, 70. min), Prados; Iñaki Williams (Djalo, 70. min), Berenguer (Sancet, 66. min), Nico Williams (Unai Gomez, 89. min); eta Guruzeta (Marton, 89. min).
1 - Viktoria Pilsen: Jedlicka; Dweh, Markovic, Jemelka; Havel, Cerv, Kalvach (Vasulin, 78. min), Sulc, Cadu; Vydra eta Adu (Panos, 62. min).
Golak: 1-0, 25. min: Nico Williams. 2-0, 64. min: Yeray. 2-1, 71. min: Havel. 3-1, 95. min: Marton.
Epailea: Matej Jug (Eslovenia). Vasulin kanporatu du txartel gorriarekin. Gainera, txartel horia atera die Berenguer, Djalo, Adu eta Dweh jokalariei.