Athletic Club
San Mamesen, maiatzaren 21ean
UEFAk Bilboko Europa Ligako finaleko kartelak aurkeztu ditu
EITB Media
Europa Ligako finala Bilbon jokatuko da, San Mamesen, maiatzaren 21ean. UEFAk finala iragartzeko kartelak nolakoak izango diren publikatu du. Txapelketako garaikurrarekin batera hiriko hainbat toki eta eraikin esanguratsu agertzen dira.
-
Bilboko Europa Ligako finaleko kartela. Argazkia: uefa.com
UEFAk Txapeldunen Ligako eta Europa Ligako finalen kartelak aurkeztu ditu, astearte honetan, urtarrilaren 28an. Diseinuetan leku garrantzitsua betetzen dute finalak hartuko dituzten hiriek; Munichek eta Bilbok, hurrenez hurren.
Maiatzaren 21ean San Mamesen jokatuko da Europa Ligako finala. Bilbok presentzia nabarmena izango du karteletan: txapelketako garaikurraren irudiarekin batera, hiriko monumentu eta eraikin nagusietako batzuk agertzen dira, hiriaren garrantzi kulturala eta ondare arkitektonikoa nabarmenduz. Kartel nagusian San Mames, Arriaga Antzokia, Euskalduna Jauregia, San Anton Eliza, Fosterito bat (metrorako sarbidea) eta Karola Garabia agertzen dira.
UEFAk adierazi duenez, Europa Ligako finaleko logotipoaren tipografia Euskal Herrian oinarritzen da, grabatu eta inskripzio zaharren eragina duen letra-estiloarekin.
Finalen aurreko egunetan, kartelak Municheko eta Bilboko hainbat tokitan ikusi ahalko dira, baita UEFA.com webgunean eta finalak iragartzen diren plataformetan ere.
Txapeldunen Ligako finala maiatzaren 31n jokatuko da, Municheko Allianz Arenan.