Athletic Club
Superkopa
Athleticek ezin izan du Bartzelonaren aurka (0-2), eta Superkopatik kanpo gelditu da
EITB MEDIA
Gavik, 17. minutuan, eta Yamalek, 53.ean, Kataluniako taldearen golak egin dituzte, eta Bartzelona Athletic baino gehiago izan da, asteazkenean jokatutako finalerdian. Bilboko taldeak gola sartzeko moduko aukera batzuk izan ditu, baina ez du asmatu, eta Bartzelona hobeto aritu da erasoan.
-
Iñaki Williamsek gogor borrokatu du, baina ezin izan du golik sartu. Argazkia: EFE.
Athleticek galdu egin du, 0-2, Bartzelonaren aurka, 2024-25 denboraldiko Espainiako Superkopako finalerdian, King Abdullah zelaian, Jiddan, Saudi Arabian, asteazken gauean. Gavik, 17. minutuan, eta Lamine Yamalek, 53.ean, Bartzelonaren bi golak egin dituzte, eta, horrenbestez, Kataluniako taldea finalerako sailkatu da; Athletic, ordea, txapelketatik kanpo gelditu da.
Ernesto Valverdek, hasierako hamaikakoan, Lekue sartu du, atzealdeko eskuinaldean, Prados eta Jauregizar aukeratu ditu zelai erdirako, Unai Gomez kokatu du Guruzetaren atzetik aritzeko, eta Berenguer atera du, erasoan, ezkerretan; Sancet eta Gorosabel ez dira deialdian sartu, eta Ruiz de Galarretak eta Nico Williamsek aulkian ekin diote neurketari. Bartzelonan, Yamal, partida batzuetan baja izan ostean, titular aritu da. Athleticek estu ikusi du bere burua, aurreneko bost minutuetan, bi jokalditan, eta Unai Simonek ondo erantzun du, baina Kataluniako taldeak 17. minutuan asmatu egin du; taldekideek ezkerretik egindako erasoko jokaldi ona baliatuta, Gavik finalerdiko lehenengo gola egin du.
Iñaki Williamsek ezin izan dio, area barruan, Guruzetari baloia eman, aurrelaria errematea egiteko prest zegoela, 20. minutuan, Athleticek sortutako gol aukera argi batean, eta Unai Simon ondo aritu da, Raphinharen eta Yamalen aurretik, 23.ean. Atsedenaldira arte, Athleticek zelai erdia kontrolatu du, saiatu da Szczesnyren ateraino abiaduraz iristen, eta berdintzeko bi aukera ona sortu ditu, lehen zatiko azken minutuetan biak; lehenenean, Iñaki Williamsi apur bat goitik joan zaio jaurtiketa, eta bigarrenean, hain zuzen ere zuri-gorriek aurreneko zatian izan duten onenean, Bartzelonako atezainak ondo gelditu du Williamsen errematea, eta Guruzetaren jaurtiketa atzelari batek ukitu du, kornerrera joan aurretik.
Bigarren zatian, zortzigarren minutuan, Athleticek ezin izan du baloia ondo atera, eta Lamine Yamalek area ertzean jaso du; hegaleko gazteak 0-2koa sartu du. 62. minutuan, Vesga, Nico Williams eta De Marcos zelairatu dira, Pradosen, Guruzetaren eta Lekueren ordez. Vesgak eta Jauregizarrek gertu izan dute 1-2koa, ezkerrez egindako bi jaurtiketa on eginda, eta Iñaki Williamsek, 72. minutuan, pixka bat desbideratuta jaurti du, abagune ona zuela.
Azken minutuetan, Athleticek handitu egin du presioa, golaren bila, eta, berez, Oscar de Marcosek eta Iñaki Williamsek, 82. eta 87. minutuetan, sareetara eraman dute baloia, baina jokaldiak baliogabetu egin dituzte, bi futbolari zuri-gorriak jokoz kanpo baitzeuden.
Aurrerapena