Athletic Club
Errege Kopa
Athletic penaltietan pasatu da final-zortzirenetara, estutasunetan jarri duen Logroñesen aurka (0-0; 3-4)
I. G. | EITB MEDIA
Bi taldeetako bat ere ez da gola sartzeko gai izan, ez arauzko 90 minutuetan, ez luzapenean, eta lehia penalti puntutik erabaki behar izan da.
Athleticek penaltietara arte borrokatu behar izan du Logroñesen aurka larunbat honetan, Errege Kopako final-hamaseirenetako partidan, garaipena eskuratu eta txapelketan aurrera egiteko (0-0; 3-4). Bi taldeetako bat ere ez da gola sartzeko gai izan, ez arauzko 90 minutuetan, ez luzapenean, eta lehia penalti puntutik erabaki behar izan da.
Zuri-gorriak erasoan aritu dira lehen minutuetatik, eta Djalo izan da jokalaririk arriskutsuena hegaletik. Bereak izan dira partidako lehen abagune argiak. Herrera, Serrano eta Berenguer ere animatu dira golaren bila, baina Athletici eraginkortasuna falta izan zaio azken metroetan, etxeko taldearen defentsa onari esker, sendo aritu baitira area barruan, eta kontraerasoan ateratzen saiatu dira.
Minutuek aurrera egin ahala, Logroñes indarra hartzen joan da eta aurre egin dio Athletici, baina benetako arriskurik sortu gabe, jaurtiketa bakarra egin baitu Agirrezabalak babestutako atera.
Bi taldeetako batek ere ez du lortu aurkariari min egitea, eta zelaian eta markagailuan islatutako parekotasun horrekin joan dira aldageletara.
Bigarren zatia lehenengoaren antzera hasi da: Athletic nagusi izanda, baina ez du markagailua mugitzeko modurik aurkitu. Hala, Valverdek Williams anaiak eta Jaureguizar sartu ditu zelaira, Djalo, Herrera eta Serranoren ordez.
Nico amesgaiztoa izan da defentsarentzat zelaia zapaldu duenetik, angelu guztietatik min egin nahian. Guruzetak aukera ona izan du atzerantz egindako pase bat jaso eta gero, baina jaurtiketa kanpora joan zaio.
Zuri-gorriei denbora amaitzen ari zitzaien, eta jokoaren gogortasuna egoera zailtzen ari zen. Vivian eta Unai Gomez izan dira zelaira sartzen azkenak, Nuñez eta Vesgaren ordez, azken minutuak jokatzeko.
Ez da gola sartzeko modurik egon. Athleticek ez du tekla aurkitzen jakin, azken minutuetan ez du atera jaurti ere egin, eta partida luzapenera heldu da.
Nicok bilatu du gehien gola luzapenaren hasieran, une oro atzelari bat baino gehiago ondoan zituela, jokaldirik egin ez zezan. Zuri-gorriek aurkariaren area zelatatu dute, baina nekea nabaritzen hasi da eta baloia ez da erritmo berean ibili. Guruzetak izan du aukerarik onena, burukada batekin, baina erdiratuegi atera zaio.
Nicok neurketako azken aukera izan du jaurtiketa batekin. Atezainak atzamar puntekin desbideratu du jaurtiketa, eta lehia penaltietan erabaki da.
Vivian, Yuri, Nico, Berenguer eta Unai Gomez arduratu dira hamaika metroko puntutik jaurtitzeaz. Nicok harmailetara jaurti du baloia, baina besteek sarera bidali dute. Logroñesen aldetik, Sarriegik kanpora jaurti du eta Agirrezabalak gelditu egin du Jardonen jaurtiketa.
Horrela, Athletic final-zortzirenetara sailkatu da, uste baino estuasun gehiagorekin.
Fitxa teknikoa:
0 (3) - Union Deportiva Logroñes: Kike Royo; Beñat (Mateo, 105. min), Monreal, Eloy Moreno, Pol Arnau; Garrido, Bonilla (Gualda, 73. min), Pau Lopez (Sarriegui, 73. min), Facchin (Madrazo, 60. min), Riki (Aguero, 60. min); eta Najera (Estrecha, 87. min).
0 (4) - Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Paredes, Nuñez (Vivian, 70. min), Adama; Besga (Unai Gomez, 80. min), Ander Herrera (Jauegizar, 60. min), Nico Serrano (Iñaki Williams, 60. min), Djalo (Nico Williams, 60. min), Berenguer; eta Guruzeta.
Epailea: Melero Lopez. Txartel horia atera die Logroñeseko Bonilla eta Agüerori eta Athleticeko Nuñez, Herrera, Adama, Iñaki williams eta Jaureguizar jokalariei eta Ernesto Valverde entrenatzaileari.