Athletic Club
Europa Liga
Athleticek Elfsborg menderatu du San Mamesen (3-0), eta oso sendo jarraitzen du Europa Ligan
EITB MEDIA
Adamak eta Pradosek, lehen zatian, eta Guruzetak bigarrenean, talde zuri-gorriaren golak sartu dituzte, eta Unai Simon izan da atepean. Europa Ligako liga faseko zortzi jardunaldietatik bost jokatuta, Valverderen gizonek hamahiru puntu dituzte, eta sailkapeneko aurreneko zortzietan jarraitzen dute.
-
Adama Boirok sartu du 1-0ekoa; irudian, Athleticeko jokalariak gol horren ospakizunean (EFE).
Athleticek IF Elfsborg hartu du mendean, 3-0, 2024-25 denboraldiko Europa Ligako liga faseko bosgarren jardunaldian, San Mamesen, ostegunean. Adama Boirok, seigarren minutuan, Beñat Pradosek, 24.ean, eta Gorka Guruzetak, 54.ean, Bilboko taldeari garaipena eman dioten golak sartu dituzte, eta nabarmentzeko modukoa da, halaber, Unai Simon bueltatu egin dela atepera. Horrenbestez, txapelketako liga fase honetako faseko zortzi jardunaldietatik bost jokatuta, Valverderen gizonek hamahiru puntu dituzte, eta sailkapeneko aurreneko zortzi postuetan jarraitzen dute.
Arestian esan bezala, Unai Simon izan da atepean, denboraldian lehenengo aldiz, eta hori izan da nobedade nagusia Ernesto Valverdek prestatutako hasierako hamaikakoan. Athletic berehala aurreratu da markagailuan, seigarren minutuan, partidan izandako aurreneko gol aukeran; Nico Williamsek korner bat atera du, ezkerretik, Gorka Guruzetak atzera ukitu du, penalti puntura, eta Adama Boirok, ezkerrez, bikain jaurti du, sareetara. Estrategia jokaldi ederra eginda lortu du Boirok talde zuri-gorrian sartu duen lehen gola.
Nico Williamsek, eskuinetik ondo sartuta, jaurtiketa ona egin du, hamaikagarren minutuan, apur bat desbideratuta, eta jokalari nafarra bera, area ertzetik egindako jaurtiketa polit batean, berriro ere saiatu da, handik gutxira. Nico Williams eroso zebilen, gustura; 24. minutuan, jokaldi polita egin du ezkerretik, penalti puntura erdiratu, eta Beñat Pradosek, buruz, Athleticen aldeko 2-0ekoa sartu du.
Athletic, horrenbestez, aurkaria baino gehiago izan da lehenengo zatian; zuri-gorriek azkar eta ondo mugitu dute baloia, eta, zelai erdian, Prados eta Ruiz de Galarreta maila oso egokia ari ziren ematen. Elfsborgen aldetik, lehen zatiko azken segundoetan izan da jokaldirik arriskutsuena; orduan, Arber Zenelik, pase sakon batean, Unai Simon baino lehenago iritsi da, baina kanpora errematatu du.
Oumak eta Rappek Elfsborgen eskuineko hegala indartu dute, ordezko bezala zelairatuta, bigarren zatiaren hasieran. Bazirudien Suediako taldearen asmoa zela aurrerapausoa ematea, baina, berriro ere, Athleticek jo du gogor: 54. minutuan, Adamak ondo lapurtu du ezkerretan, indartsu sartu da arean, eta Gorka Guruzetak ezin hobeto errematatu du horren erdiraketa. 3-0ekoa izan da.
Ernesto Valverdek Berenguer eta Herrera jarri ditu berdegunean, Iñaki Williamsen eta Ruiz de Galarretaren ordez, oraindik ordu erdi baino gehiago gelditzen zela. Unai Gomez eta Nico Serrano ere atera dira zelaira, gerora, eta Lekue azkenean. Athletic ahalegindu da laugarren gola sartzen, eta abagune batzuk izan ditu hori erdiesteko, baina ez da beste golik izan. San Mameseko zaleek, hortaz, berriro ere ospatu ahal izan dute Bilboko taldeak garaipena eskuratu duela Europa Ligan.
Fitxa teknikoa
3 - Athletic: Unai Simon; Gorosabel, Vivian, Paredes, Adama (Lekue, 76. min); Ruiz de Galarreta (Herrera, 56. min), Prados; Iñaki Williams (Berenguer, 56. min), Sancet (Unai Gomez, 63. min), Nico Williams (Nico Serrano, 63. min); eta Guruzeta.
0 - IF Elfsborg: Pettersson; Holmen, Buhari Ibrahim (Ouma, 46. min), Henriksson; Hedlund, Besfort Zeneli (Holten, 72. min), Baldursson, Hult; Baidoo (Yegbe, 72. min), Qasem (Kaib, 72. min) eta Arber Zeneli (Rapp, 46. min).
Golak: 1-0, 6. min: Adama Boiro. 2-0, 24. min: Nico Williams. 3-0, 54. min: Guruzeta.
Epailea: Giorgi Kruashvili (Georgia). Athleticeko Prados eta Elfsborgeko Buhari Ibrahim zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakizunak: 46.325 zale izan dira San Mamesen.