Athletic Club
Europa Liga
Zuri-gorriek bidea aurkitu ezinik jarraitzen dute
Erredakzioa
Athleticek oso partida kaskarra jokatu du, eta Sparta Pragak 3-1 irabazi du. Bielsaren mutilak aurreneko zatian oso ahul egon dira, eta Pragako taldeak atsedenaldiaren aurretik bi gol eskuratu ditu.
-
Sparta Praga-Athletic (3-1). Argazkia: EFE
Athleticek beste porrot gogor bat jaso du, Sparta Pragaren aurka 3-1 galduta. Bizkaiko taldea aurreneko zatian ezinean aritu da, eta Lavickaren mutilek bi gol, erraz lortu dituzte. Bigarren zatian neurketa orekatuago egon da, baina zuri-gorriek ezin izan dute markagailua irauli. Zapotocnyk, Balajek y Husbauerrek (penaltiz) Sparta Pragaren gola lortu dituzte, eta De Marcosek Bilboko taldearena.
Marcelo Bielsaren mutilak ez dira zelaian eroso egon aurreneko zatian, eta Sparta Praga, presioarekin eta intentsitatearekin, jaun eta jabe izan da. Norgehiagokako lehenengo abagunea Kadlecek izan du (22. minutua), baina erdilariak baloia zutoinera bidali du. 25, minutuan Zapotocnyk urrutiko jaurtiketa batekin 1-0ekoa jarri du. Baloia ate erditik joan da, eta Iraizozek, desbideratzeko orduan, akats larria egin du.
Sparta Pragaren golaren ostean zuri-gorriek erantzuna emateko aukera argia izan dute, baina De Marcasen saiakera Vaclik atezainak ederki gelditu du. Lavickaren mutilek bigarren lortzeko abagunea izan dute (34. minutua), baina Gurpeguik baloia desbideratzea lortu du. Hala ere, atsedenaldia heldu aurretik Balajek 2-0ekoa jarri du markagailuan. Sparta Pragako aurrelariaren erremateak Adurizi eman dio aurpegian, eta baloia sareetara joan da.
Bigarren zatian Athletic sendoago zelairatu da, eta Vaclikek gelditu erabakigarriak egin behar izan ditu. Bilboko taldeak beste aurpegi bate erakutsi du, baina 54. minutuan epaileak Xabi Castillok egindako penaltia adierazi du. Hala ere, Durangoko jokalariak falta areaz kanpotik egin du, eta epaileak akats larria egin du. Husbauerrek Pragako taldearen hirugarren gola lortu du, eta 3-0ekoarekin partida Athletici aldapa gora jarri zaio.
Ander Herrera, Fernando Llorente eta Ismael Lopez zelaian sartu dira, baina Bielsaren mutilek gol aukera gutxi sortu dituzte. Nahiz eta erasoan min guitxi egin, De Marcosek zuri-gorrien gola eskuratu du. Muniainek pase bikaina eman dio arabarrari, eta De Marcosek 3-1ekoa jarri du Generali Arenado markagailuan.
- Fitxa teknikoa:
3 - Sparta Praga: Vaclik; Zapotocny, Svejdik, Jarosik, Pamic; Husbauer, Holek; Kadlec (Prikryl, 84. minutua), Matejovsky (Pavelka, 79. minutua), Kerjci (Skalak, 72. minutua); eta Bala.
1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraoala, Gurpegui, Amorebieta, Castillo (Herrrera, 61. minutua); Iturraspe; Susaeta, De Marcos, Muniain, Ibai (Isma Lopez, 57); eta Aduriz (Llorente, 64. minutua).
Golak: 1-0, 25. minutua: Zapotocny. 2-0, 40. minutua: Bala. 3-0, 55. minutua: Husbauer, penaltiz. 3-1, 74. minutua: De Marcos.