Athletic Club
2. jardunaldia
Athletic eta Reala, Europa Ligako lehen garaipenaren bila
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Imanol Alguacilen taldeak Anderlecht belgikarra izango du aurkari; zurigorriek, ordea, AZ Alkmaar nederlandarra hartuko dute San Mamesen.
-
Athleticen artxiboko irudia, Erromaren kontrako partidan. EFE
Athleticek eta Realak Europa Ligako ligaxkako bigarren partida jokatuko dute ostegun honetan, Europan denboraldiko lehen garaipena lortzeko asmoz. Imanol Alguacilek entrenatzen duen taldeak Anderlecht belgikarraren bisita jasoko du Reale Arenan, 18:45ean. Ernesto Valverderen lehoiek, aldiz, AZ Alkmaar nederlandarrari egin beharko diote aurre, San Mamesen.
Orain dela bi asteko estreinaldian, bai Athleticek bai Realak bana berdindu zuten, eta puntu baliotsua eskuratu zuten: txuri-urdinak Nizan, eta zuri-gorriek, berriz, Erroman.
Athletici dagokionez, Oihan Sancet eta Ander Herrera berriz taldearekin entrenatzen hasi ziren asteartean, ligako azken jardunaldian giharretako minez ezin jokatuta egon ostean. Baliteke, beraz, ostegunerako prest egotea. Beñat Pradosek, ostera, bere kontura egin zuen lan, eta ez dago jokatzeko moduan. Taldeak asteazken arratsaldean egin zuen azken entrenamendua Lezaman, osteguneko hitzorduari begira.
AZ Alkmaarrek ligaxkako bigarren garaipenaren bila dator Bilbora; izan ere, lehen neurketan, Elfsborg norvegiarra menderatu zuen: 3-2. Herbereetako ligan, azken partida galdu arren, hirugarren dago sailkapen nagusian, zazpi jardunaldietatik bost irabazita.
Realaren nobedadeen artean, Sheraldo Beckerren itzulera aipatu beharra dago, lunbalgiari aurre egin baitio. Donostiako taldeak asteazken goizean entrenatu zuen azken aldiz, osteguneko neurketa prestatzeko. Nabarmentzekoa da, orobat, Imanolek Igor Zubeldia deialditik at utzi duela. Liga hasiera kaskarra egin dute txuri-urdinek, baina azken jardunaldian Valentziari irabazi zion, hiru eta huts.
Europa Ligako lehen egunean Hungariako Ferencvaros irabaztetik datorren Anderlecht izango du aurrean ostegun honetan. Belgikako futboleko talde historikoa izanik, Europako Errekopa irabazi zuen 1976an eta 1978an, baita UEFA Kopa ere, 1983an. Ligan ez da bolada bizitzen ari: zazpigarren dago, eta Brian Reimer entrenatzailea kargugabetu zuten irailaren 19an, emaitza txarrak lortzen ari zirelako.