Athletic Club
Europa Liga
Athleticek puntu baliotsua lortu du Erroman, bigarren zatian ondo jokatuta eta Paredesek gola sartuta (1-1)
EITB MEDIA
Etxeko taldea Athletic baino hobeto aritu da lehen zatian, eta Dovbykek aurretik jarri du Erroma, 32. minutuan. Bigarren zatian, baina, Athletic gehiago izan da, eta Aitor Paredesek banakoa sartu du 86. minutuan, Valverderen taldearentzat.
-
Aitor Paredesek burukada honen bidez sartu du Athleticen gola. Argazkia: EFE.
Athleticek 1-1 berdindu du Erromarekin, Italiako hiriburuko Estadio Olinpikoan, 2024-25 denboraldiko Europa Ligako liga faseko lehenengo jardunaldian, ostegun gauean. Artem Dovbykek, 32. minutuan, aurretik jarri du etxeko taldea, eta Aitor Paredesek, 86.ean, berdinketaren gola sartu du. Talde zuri-gorria ondo aritu da bigarren zatian, eta puntu baliotsua eskuratu du, sei urte eta erdi geroago nazioarteko txapelketa batean berriro jokatuta.
Agirrezabala zelairatu da atepean, eta Ernesto Valverdek Gorosabel, Unai Gomez eta Djalo sartu ditu hasierako hamaikakoan. Athleticek ondo ekin dio partidari, sendo zelai erdian, eta arriskua sortu du bi jokalditan: Iñaki Williamsek abagune ona izan du, Ruiz de Galarretaren pasea baliatuta, eta Paredesi apur bat goitik joan zaio burukada bat korner batean. 20. minuturako, baina, Erromak hartu du baloiaren kontrola, eta presio handiagoa egiten hasi da.
32. minutuan, Artem Dovbykek aurretik jarri du Erroma. Italiako taldeko aurrelariak (Gironako jokalari ohia) buruz errematatu du, area barruan, Angeliñok ezkerretik egindako erdiraketa; aurretik, Dybalak kanpora jaurti du, etxeko taldearen aukera on bat alferrik galduta. Athletic atsedenaldira joan aurretik hasi da erantzuten, eta Djalok, lehen zatiko azken jokaldietako batean, desbideratuta bidali du area ertzetik jaurtitako falta bat.
Julen Agirrezabalak geldiketa oso ona egin du 54. minutuan, Souleren erremate bati erantzunez; gol aukera hori gorabehera, Athletic hobeto aritu da bigarren zatian, eta argiago kontrolatu du, berdinketaren bila. Nico Williams eta Berenguer irten dira berdegunera, erasoan, eta Iñaki Williamsi, 75. minutuan, kanpora joan zaio area ertzetik egindako eskuinkada bat.
Iñaki Williams, erasoko jokaldi batean. Argazkia: EFE.
86. minutuan, Athleticek berdinketaren saria jaso du. Estrategia jokaldi batean gauzatu du euskal taldeak gola; Alex Berenguerrek ezkerretik atera du, bigarren zutoinera, Unai Nuñezek buruz area txikira sartu du baloia, eta Aitor Paredesek sare barrura bidali du, burukada ona eginez.
Neurketako azken txanpan, Athleticek ez du estutasunik izan berdinketari eusteko, eta, hala, Valverderen taldeak merezita poltsikoratu du puntua Erroman.
Nabarmentzeko modukoak dira Euskal Herritik Erromako Estadio Olinpikora joandako Athleticeko zaleak, 2.500 zale baino gehiago izan baitira zelaian, eta une oro bultzatu dute talde zuri-gorria. Deitoragarria izan da, hori bai, zale horietako gutxi batzuek bengalak bota dituztela partidan zehar. Gertaera horrek berehalako gaitzespena jaso du Athleticen partetik, handik gutxira plazaratutako ohar baten bidez.
ERRIETA ZELAIAN ETA PRENTSA ARETOAN
Partida amaitutakoan, Oscar de Marcos eta Iñaki Williams kapitain zuri-gorriak Bilboko taldearen jarraitzaileak zeuden tokira joan ziren, han gertatutakoagatik kargu hartzeko.
Taldeko kapitainak ez ziren gertatutakoarekin kritiko agertu ziren bakarrak izan; izan ere, bai Ernesto Valverde entrenatzaileak prentsaurrekoan, bai gerora Athleticeko hainbat jokalarik kazetarien aurrean, gaitzetsi egin zuten jazotakoa, tartean Ander Herrerak: "Bengala batekin pertsona bat hil dezakezu, ezin dut ulertu".
Fitxa teknikoa
1 - Erroma: Svilar; Mancini, Ndicka, Hermoso; Celik (Abdulhamid, 71. min), Kone (Paredes, 81. min), Cristante, Angeliño; Baldanzi (Pisilli, 63. min), Dybala (Soule, 46. min); Dovbyk (Shomurodov, 81. min).
1 - Athletic: Agirrezabala; Gorosabel (De Marcos, 69. min), Vivian (Nuñez, 80. min), Paredes, Yuri; Ruiz de Galarreta, Prados (Herrera, 60. min); Djalo (Nico Williams, 60. min), Unai Gomez (Berenguer, 69. min), Iñaki Williams; Guruzeta.
Golak: 1-0, 32. min: Dovbyk; 1-1, 86. min: Paredes.
Epailea: Georgi Kabakov (Bulgaria). Erromako Kone eta Athleticeko Gorosabel, Yuri, De Marcos eta Nico Williams zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakizunak: Europa Ligako lehen jardunaldiko partida, Erromako Estadio Olinpikoan.