Athletic Club
Urrezko Baloia
Nico Williams Urrezko Baloirako izendatu dute, Simon Yashin sarirako, eta Xabi Alonso Urteko Entrenatzailerako
EITB MEDIA
Gizonezkoen Urrezko Baloia irabazteko zerrendan 30 jokalari daude, eta Athleticen hegalekoa bertan da; Yashin Garaikurrari dagokionez, hamar atezain izendatu dituzte, tartean Unai Simon; eta Bayer Leverkuseneko entrenatzaile gipuzkoarrak 2024ko onena izateko aukera du.
-
Nico Williams, larunbatean, Athletic-Atletico Madril partidan. Argazkia: EFE.
"France Football" aldizkariak izendatu ditu Nico Williams Athleticen hegalekoa 2024ko gizonezkoen Urrezko Baloirako, Unai Simon Athleticen atezaina 2024ko Yashin Garaikurrerako, eta Xabi Alonso gizonezkoen futboleko Urteko Entrenatzaile Onenarentzako Garaikurrerako, asteazkenean. Golardoak urriaren 28an emango dituzte, Parisen, eta horien asmoa da urteko futbolaririk eta talderik onenak saritzea, hainbat irizpide kontuan izanik.
Testuinguru horretan, 2024ko gizonezkoen Urrezko Baloiaren zerrendan, 30 jokalari daude, eta Nico Williams bertan da. Hegaleko iruindarrak, gainerako hautagaien artean, izen handiko hainbat aurkari izango ditu saria eskuratzeko, besteak beste, Jude Bellingham (Real Madril), Rodrigo Hernandez (Manchester City), Lamine Yamal (Bartzelona), Kylian Mbappe (Real Madril), eta Erling Haaland (Manchester City) daude izen horien artean. 2024an, Nico Williamsek Errege Kopa irabazi zuen, Athleticekin, eta Eurokopa, Espainiako selekzioarekin; Eurokopan, finaleko jokalari onenarentzako saria eman zioten, eta hamaikako onenean sartu zuten.
"France Football" aldizkariak urteko atezainik onenari ematen dion Yashin Garaikurrari dagokionez, Unai Simonek eta beste bederatzi gizonek dute aukera hori eskuratzeko; besteak beste, zerrendan dira Andrey Lunin (Real Madril), Gregor Kobel (Borussia Dortmund) eta Giorgi Mamardashvili (Valentzia). Simonek, Nico Williamsek bezala, Kopa irabazi du, Athleticekin, 2024an; Simon, ordea, ez zen zelairatu txapelketa horretan. Eurokopan titulua eskuratu zuen, eta, halaber, EA Sports Ligan, Zamora Garaikurra irabazi zuen, 2023-24 denboraldian, golik gutxien jaso zituen atezaina izan baitzen.
Gizonezkoen futboleko Urteko Entrenatzailerik Onenarentzako Garaikurrari dagokionez, Xabi Alonso tolosarra izendatu dute. Bayer Leverkusenek (Xabi Alonsoren taldeak, alegia) emaitza ia ezin hobeak lortu ditu 2024an. Alemaniako Liga eta Kopa irabazita, Europa Ligan txapeldunordea izan zen, partida bakarra galduta: Atalantaren aurkako finala. Esan beharra dago final hori dela 2024an, orain arte, behintzat, Bayer Leverkusenek galdu duen neurketa bakarra. Beste bost entrenatzaile izendatu dituzte sarirako, tartean, Luis de la Fuente Espainiako hautatzailea.
Aipatutako sariez gain, "France Football" aldizkariak zehaztu du zein klub dauden izendatuta, emakumezkoetan zein gizonezkoetan, urteko onenarentzako saria erdiesteko, nortzuk izan ahal diren emakumezkoen futbolean entrenatzailerik onena, zein 30 futbolari dauden izendatuta emakumezkoen Urrezko Baloian, eta zein jokalarik duten aukera jasotzeko Kopa Garaikurra, hau da, 21 urtez azpiko futbolaririk onenaren golardoa.