Itxi

Athletic Club

FITXAKETA

Unai Nuñez Athleticera itzuliko da, Celtak utzita

EITB MEDIA

Talde zuri-gorriak jokalaria erosteko aukera izango du denboraldi honen amaieran.

  • Unai Nuñez Athleticen elastikoarekin, Celtaren aurka. Artxiboko irudia: EFE

    Unai Nuñez Athleticen elastikoarekin, Celtaren aurka. Artxiboko irudia: EFE

Athletic Clubek asteazken honetan jakinarazi duenez, Celta taldearekin akordioa adostu du Unai Nuñez erdiko atzelariak utzita zuri-gorriekin joka dezan , 2025eko ekainaren 30era arte. Behin epealdi hori bukatuta, Bilboko klubak Portugaleteko jokalaria erosteko aukera izango luke, hala nahi izanez gero, Athleticek plazaratutako oharrean zehaztu duenaren arabera.

Gauzak horrela, Balaidoseko taldearekin 76 neurketa jokatu ondoren, Nuñezek Ernesto Valverderen taldearen atzealdea indartuko du. 27 urteko atzelariak bost denboraldi eman zituen lehen talde zuri-gorrian. Denboraldiotan, 116 norgehiagokatan parte hartu (104 titular gisa) eta hiru gol sartu zituen.

Lezaman hazitako erdiko atzelariak Real Madrid eta FC Barcelona mendean hartutako 2021eko Superkopa irabazi zuen La Cartujan. Unai Nuñezek bihar, osteguna, gainerako taldekideekin batera entrenatuko du Lezaman eta aurretik San Mamesen egongo da, gaur arratsaldean, Athleticek eta Valentziak jokatuko duten neurketa ikusten.