Itxi

Athletic Club

EA Sports Liga

Athleticek Getaferen aurka berdinduta estreinatu du Liga, partida gogorra jokatuta (1-1)

I. G. | eitb media

Bilboko taldeari asko kostatu zaio aurkariari min egitea, eta, Sanceten golarekin markagailuan aurrea hartu duen arren, ezin izan dio emaitzari eutsi eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan du.

  • Vesga eta Yeray Getaferen aurkako partidan. Foto: EFE

    Vesga eta Yeray Getaferen aurkako partidan. Foto: EFE

Athleticek EA Sports Ligako 2024-2025 denboraldia estreinatu du Getaferen aurka San Mamesen berdinduta (1-1), hasieratik asko zaildu zaion partidan. Bilboko taldeari asko kostatu zaio aurkariari min egitea, eta, Sanceten golarekin markagailuan aurrea hartu duen arren, ezin izan dio emaitzari eutsi eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan du.

Lehen abisua talde bisitariak eman du, Carles Perezen jaurtiketa batekin, baina kanpora joan da, zutoinetik oso gertu. Ordu laurdenera, Uchek egin du proba. Gogor astindu du baloia, baina Padillak ondo sartu ditu ukabilak baloia desbideratzeko.

Getafe jaun eta jabe izan da lehen zatian, eta atezain zuri-gorria azkar ibili behar izan da arrisku aukerak saihesteko. Hala ere, etxekoek egin dute gola, izan duten abagune argi bakarrean. Sancetek area ingurura eraman du baloia, zuloa ikusi du eta baloia zutoin ondotik sartu du, 2024-2025 denboraldiko EA Sports Ligako lehen gola egiteko.

Horrela amaitu da lehen zatia, Iñaki Williamsen azken saiakeraren ostean, baina gutxigatik joan da kanpora.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Getafek sustoa eman dio berriro San Mameseko publikoari, Gonzalezen jaurtiketak zutoina jo baitu, baina jokoz kanpo zegoen.

Ondoren, Athleticek defentsan egindako akats batek Aleña bakarrik utzi du Padillaren aurrean, eta beste behin hanka atera eta bere taldea salbatu du.

64. minutuan, Uchek buruz errematatu du korner bat markagailuan berdinketa jartzeko (1-1).

Hurrengo minutuak pultsu bat izan dira, eta bi taldeek erasora jo dute. Athleticek jokaldi on pare bat egin ditu, baina ez dute fruiturik eman. Yurik ere gola izan du bere oinetan, baina jokaldia baliogabetu dute jokoz kanpo zegoelako.

Azkenean, bi taldeek puntu bana lortu dute 2024-25 denboraldiari hasiera eman dion partidan.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Padilla; Gorosabel (Lekue, 81. min), Yeray, Paredes (Vivian, 81. min), Yuri; Prados (Herrera, 57. min), Vesga (Unai Gomez, 57. min); Iñaki Williams, Sancet, Berenguer (Nico Williams, 72. min); eta Guruzeta.

1 - Getafe: Soria; Iglesias, Djene, Alderete, Diego Rico; Nabil, Arambarri (Aleñà, 40. min), Milla, Uche; Carles Perez (Peter Federico, 46. min), Sola (Yellu, 79. min).

Golak: 1-0, 27. min: Sancet. 1-1, 64. min: Uche.

Epailea: Alejandro Muñiz Ruiz. Txartel horia atera die Athleticeko Prados, Unai Gomez, Gorosabel eta Herrerari eta Getafeko Ucheri.