Itxi

Athletic Club

Athletici buruz

Javi Martinez: 'Dena azaltzeko unea iritsiko da'

Erredakzioa

"Txapeldunen Ligako debutan sentsazio oso onak izan ditut. Amets bat izan da", adierazi du Javi Martinezek Valentziaren aurkako partidari buruz.

  • Javi Martinez Valentziaren aurkako neurketan. EFE

    Javi Martinez Valentziaren aurkako neurketan. EFE

Javi Martinez Bayern Municheko jokalaria oso pozik azaldu da Txapeldunen Ligan izandako debutarekin; izan ere, bere taldeak Valentzia 2-1 hartu du mendean. Erdilariak amets bat bete duela ziurtatu du.

"Txapeldunen Ligako debutan sentsazio oso onak izan ditut. Amets bat izan da", adierazi du Athleticeko jokalari ohiak. "Taldea ongi dago, partida ona egin dugu, baina azkenean pixka bat sufritu dugu. Lasai egon behar genuela ematen zuen, baina ez dago fidatzerik", erantsi du.

"Baloiaren jabetza izatera atera gara, jokoaren pisua eramatera, eta kontraerasoetan min egin nahi genuen. Errematera erraz heldu garela uste dut", esan du Javi Martinezek.

"Moldatzea oso ondo doa, jendeak ikaragarri ongi hartu nau eta hizkuntza pixkanaka-pixkanaka ikasten noa", azaldu du. Jokalari nafarra Oktoberfestera joango da, horrek ere moldatzeko aukera emango dio. "Klubak joan behar garela esan digu dagoeneko", gaineratu du.

Athletici buruz

"Nahiago dut horretaz ez hitz egitea. Dena azaltzeko unea iritsiko da. Min egin zidaten gauza asko gertatu ziren, eta horretaz hitz egiteko parada egongo da", esan du.

Bayernek isiltasunari eustea gomendatu dio: "Gai horiekin zuhurtziaz jokatzen du Bayernek eta ez hitz egiteko gomendio eman didate", gaineratu du.