Itxi

Athletic Club

Berritzea

Ander Herrerak Athleticekin berritu du, 2024-25 denboraldirako

EITB MEDIA

Erdilariak, hala, seigarren denboraldia beteko du, Athleticeko jokalari bezala, bi etapatan (2011tik 2014ra bitartean, eta 2022tik). 175 partidatan zelairatu da Herrera Bizkaiko taldearekin, eta 11 gol sartu ditu; Errege Kopako txapeldun da, bai eta Kopako eta Europa Ligako txapeldunorde ere.

1:59
Ander Herrera, Athleticeko jokalaria

Ander Herrerak Athleticekin berritu du, Bizkaiko klubak ostegun honetan iragarri duenez, eta 2024-25 denboraldian talde zuri-gorrian jarraituko du.

Erdilari bilbotarrak, hala, seigarren denboraldia beteko du Athleticeko jokalari bezala. Athleticeko futbolari gisa duen esperientzia bi etapatan banatzen da. Lehenengoa 2011an hasi zen, Athleticek jokalaria Zaragozatik fitxatu zuenean, eta 2014an amaitu, Manchester United taldeak Herrera kontratatu zuenean; bigarren etapa, ordea, 2022an hasi zen, euskal klubak futbolaria Paris Saint-Germainetik ekarrita. Kontratua berrituta, bigarren etapa hori gutxienez beste denboraldi batez luzatuko da.

Orain arte, Herrera, 34 urtekoa bera (abuztuan 35 urte egingo ditu), 175 partidatan zelairatu da Athleticeko jokalari bezala, eta 11 gol sartu ditu. Athleticekin, bilbotarrak 2024ko Errege Kopa irabazi du, eta Kopako eta Europa Ligako txapeldunorde izatea lortu zuen 2011-12 denboraldian.