Itxi

Athletic Club

Berritzea

Julen Agirrezabalak kontratua berritu du Athleticekin 2027ra arte

EITB Media

Kopako atezain txapeldunak beste bi urtez luzatu du erakunde zuri-gorriaren aldeko apustua, eta Klubak alde bakarreko aukera du kontratua 2029ra arte luzatzeko.

  • Julen Agirrezabalak kontratua berritu du Athleticekin 2027ra arte

    Julen Agirrezabalak kontratua berritu du Athleticekin 2027ra arte Argazkia: Athletic club

Unai Simon 2029ra arte blindatu eta astebetera, Julen Agirrezabalak 2027ko ekainaren 30era arte luzatu du akordioa Athleticekin. Halaber, Ibaiganek alde bakarreko aukera du kontratua beste bi urtez luzatzeko (2029).

Sinadura gaur goizean egin da San Mamesen, Jose Angel Iribar atezain mitikoa, Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez futbol zuzendari nagusia bertan zirela.

Athleticek Julen Agirrezabalaren alde egindako apustua sendoa da. Leialtasuna elkarrekikoa da. 23 urterekin, Antiguoko KEtik gaztetan iritsitako atezain donostiarrak 36 partidatan parte hartu du lehoi gisa. Erdia baino gehiago (20) Kopakoak dira, eta esperientzia oparoak bizi izan ditu lehen taldean daramatzan hiru denboraldietan, bi finalerdi eta aurtengo finala RCD Mallorcaren aurka jokatu baititu, eta azken horretan erabakigarria izan da.