Itxi

Athletic Club

Arrazakeria kasua

6.000 euroko isuna proposatu dute, Nico Williamsi irain egin zion Atleticoren zalearentzat

Agentziak | EITB MEDIA

Williams anaietako gazteenak Atleticoren aurkako partidaren ostean adierazi zuenez, "tximino soinuak" entzun zituen harmailetatik, 40. minutuan korner bat ateratzera joan zenean.

  • Nico Williams, irainak jaso ostean egindako gola ospatzen

    Nico Williams, irainak jaso ostean egindako gola ospatzen. Argazkia: Efe.

Indarkeriaren Aurkako Batzordeak 6.000 euroko isuna eta kirol barrutietan sartzeko 18 hilabeteko debekua proposatu du Nico Williamsi irain arrazistak egin zizkion Atletico Madrileko zalearentzat. Williams anaietako gazteenak irain sorta jaso zuen partida horretan, hegalera hurbiltzen zen bakoitzean.

Ondorioz, epaileak partida etetea erabaki zuen eta Atleticori megafonia bidez arrazakeriaren aurkako protokoloa berehala martxan jartzeko eskatu zion.

Nico Williamsek partidaren ostean azaldu zuenez, "tximino soinuak" entzun zituen harmailetatik, 40. minutuaren atarian korner bat ateratzera joan zenean. "Ez da normala zure azalaren koloreagatik irainak jasotzea", erantsi zuen.

"Tximino soinuak"

"Kornerra ateratzera joan naiz, eta tximino soinuak entzun ditut. Egia esan, gutxi izan dira. Ergelak nonahi daude. Ez da ezer gertatzen. Lanean jarraitu behar dugu. Pixkanaka aldatzen joatea espero dut. Barruan nahiz kanpoan lanean ari gara halakoak gerta ez daitezen. Eta horixe da dagoena", esan zuen Nico Williamsek DAZNri egindako adierazpenetan. Aitortu zuen, soinu horiek entzun ondoren sartutako gola "amorru pixka batekin" ospatu zuela.

Hasiera batean, talde madrildarrari zigorra jarri zioten: bi partidatan estadioaren zati bat ixtea eta 20.000 euroko isuna ordaintzea. Hala ere, bi neurri horiek baliorik gabe utzi zituen Apelazio Batzordeak Atletico Madrilek aurkeztutako errekurtsoa aintzat hartuta.