Athletic Club
Agurra
Muniain agurtzeko ekitaldia maiatzaren 13an izango da, San Mamesen
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jokalariaren kirol-ibilbidea errepasatzeaz gain, gonbidatu bereziak ere izango dira. Klubak azaldutakoaren arabera, zaleek doan sartu ahal izango dute, aldez aurretik sarreraren erreserba eginda.
-
Iker Muniainen artxiboko irudia, Kopako ospakizunetan. EFE
Iker Muniainek Athletici agur esateko ekitaldia datorren maiatzaren 13an egingo dute, San Mamesen. Bizkaiko taldeak zehaztu duenez, "futbolariaren kirol-ibilbidea errepasatuko dute, gonbidatu bereziz inguratuta".
Muniainek joan den astean jakinarazi zuen Athletic utziko duela denboraldi amaieran, 15 urtez lehen taldean jokatu eta gero. 19:00etan hasiko da omenaldia, futbol-zelaiaren iparraldeko eremuan. Zaleei doan joateko aukera eskainiko zaie, aldez aurretik sarrera erreserbatuta.
Kopako irabazleak Athleticeko kapitainaren lana omentzeko ekitaldian izango dira; era berean, "ezusteko zenbait emanaldi" ere antolatu ditu klubak.
Joateko asmoa duten zaleei kamiseta zuri-gorria jantzita eramatea eskatu die klubak, jaiari kolorea eta giroa emateko.