Athletic Club
31. jardunaldia
95. minutuan sartutako penalti batek bi puntu kendu dizkio Athletici, Vila-real aurkari (1-1)
EITB MEDIA
Ernesto Valverderen taldea jarri da aurretik, 68. minutuan, Oihan Sancetek egindako gol ikusgarri baten ondorioz, eta Parejok, luzapenean, banakoa egin du. Vila-real bigarren zati osoan aritu da hamar jokalarirekin, eta Athleticek, hala, lau puntura du laugarren postua, orain.
-
Oihan Sancetek sartu du Athleticen gola; irudian, nafarra Albiolen aurrean dabil. Argazkia: EFE
Athleticek 1-1 berdindu du Vila-realen aurka, San Mamesen, igandean, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako 31. jardunaldian. Oihan Sancetek aurretik jarri du Athletic, 66. minutuan, eta Parejok, 95.ean, alegia, bigarren zatiko luzapenean, 1-1ekoa sartu du, penaltiz. Vila-real bigarren zati osoan aritu da hamar jokalarirekin, eta, emaitzaren ondorioz, Athleticek bosgarren postuan jarraitzen du sailkapenean, laugarrena, Atletico Madril, lau puntura duela.
Athletic-Vila-real partidako laburpena (1-1)
Berdinketak zapore mingotsa utzi dio euskal taldeari; izan ere, Kopa Sevillan irabazi eta gero, eta titulua ostegunean Bizkaian ospatuta, ia-ia poltsikoratuta zituen hiru puntuak, eta horiek oso garrantzitsuak ziren Txapeldunen Ligarako lehian. Vila-realen golak eztabaida handia sortu du San Mamesen. Penaltia oso polemikoa izan da; Cuadra Fernandez epaileak zigortu du baloiak Yuri Berchicheren besoan jo duela, baina lehenik erremateak zarauztarraren izterrean jo du.
Partidako atarikoak Errege Kopako txapeldunek jasotako omenaldiak markatu ditu; izan ere, Vila-realeko jokalariek eta 1984ko Kopa irabazi zuten futbolariek pasilloa egin diete Athleticeko egungo jokalariei. Txalo zaparrada izugarria izan da, jarraian, Iker Muniainek eta Oscar de Marcosek Kopa altxatu dutenean eta San Mameseko zaleei eskaini dietenean. Zelaia bete egin da, ia-ia.
Mikel Vesgak ordezkatu du Iñigo Ruiz de Galarreta zelai erdian, eta Beñat Pradosekin batera aritu da, eibartarra zigortuta baitzegoen. Yuri Berchichek egin du aurreneko errematea, areaz kanpotik egindako ezkerkada baten bidez. Zortzigarren minutuan, hala ere, Vila-realek abagune oso argia izan du markagailuan aurretik jartzeko, Gerard Morenok huts egindako penalti batean; Pradosek, area barruan, nahi gabe, Alex Baena zapaldu du, eta epaileak penalti adierazi du, baina Morenok zutoinera jaurti du. Baloia Vila-relako aurrelariari berari iritsi zaio, eta sareetara bidali du, baina gola ez da balekoa izan, baloia ez baitu beste edozein jokalarik ukitu.
Dani Vivianek saihestu du 0-1ekoa, jarraian, Baenaren erremate baten ostean. Partidan, orduan, parekotasuna nagusitu da. Bizitasuna zuen norgehiagokak; biak ala biak ahalik eta arinen lapurtzen ari ziren saiatzen, abiaduraren bila. 41. minutuan, Athletic ondo sartu da eskuinaldetik, eta De Marcosek area barrura erdiratu du; Guruzetak oso gutxigatik ez du errematatu, atetik oso gertu. Atsedenaldira, horrela, 0-0 iritsi da neurketa; Vila-realek gola gertutik ikusi du, baina Athletic ere sendo aritu da, eta dena zegoen erabakitzeko.
Bigarren zatiaren hasieran, garrantzitsua izan zitekeen jokaldia izan da: Comesañak, nahi gabe, arin zapaldu du Prados, eta Cuadra Fernandez epaileak txartel horia atera dio. Erdilariak beste txartel bat zuen aurretik, eta, hortaz, kanporatu egin du, txartel gorria aterata.
Ander Herrerak ordezkatu du Mikel Vesga, eta handik gutxira Sancetek jaurtiketa ona egin du, area ertzetik; Jorgensenek erantzun egokia eman du. 66. minutuan, jokaldi ikusgarri baten bidez, Athletic aurretik jarri da; Ander Herrerak erdiratu du, bigarren zutoinera, eta Guruzetak, buruz, Oihan Sanceti utzi dio, nafarrak erremate bikaina egin du, eta talde zuri-gorriak lehenengo gola sartu du. Sancetek baloia berdegunean ukitu gabe harrapatu du jaurtiketa, eta gol ederra egin.
Dani Garcia eta Alex Berenguer Nico Williamsen eta Alex Berenguerren ordez zelairatu dira. Azken minutuetan, nabaritu da Athletic nekatuta zegoela, jokalari bat gehiago bazuen ere, eta Vila-realek estutu egin du, berdinketaren bila. Talde horiak 95. minutuan lortu du hori, luzapenean, Dani Parejok sartutako penalti baten bidez; penalti horren ondorioz, protesta handia izan da San Mamesen. VAR aretoak ohartarazita, Cuadra Fernandez epaileak adierazi du baloiak Yuri Berchicheren besoan jo duela, baina ematen zuen hori errebote baten ostean jazo dela.
Fitxa teknikoa
1 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes, Yuri; Prados (Dani Garcia, 70. min), Vesga (Herrera, 55. min); Iñaki Williams, Sancet (Munian, 76. min), Nico Williams (Berenguer, 70. min); eta Guruzeta (Villalibre, 76. min).
1 – Vila-real: Jorgensen; Femenia, Albiol, Yerson Mosquera, Alberto Moreno (Guedes, 68. min); Traore (Ilias, 68. min), Parejo, Comesaña, Alex Baena; Gerard (Pedraza, 55. min) eta Sorloth.
Golak: 1-0, 66. min: Sancet. 1-1, 95. min: Parejo, penaltiz.
Epailea: Guillermo Cuadra Fernandez (Balearretako Batzordea). Comesaña kanporatu du, 46. minutuan, bigarren txartel horia aterata (34. eta 46. minutuetan atera dizkio). Gainera, hauek zigortu ditu txartel horia aterata: Athleticeko Prados (10. min), Iñaki Williams (31. min) eta Yuri (94. min), eta Vila-realeko Albiol (34. min).
Gertakizunak: EA Sports Ligako 31. Jardunaldiko partida. San Mamesen jokatu dute, eta zelaia ia-ia beteta izan da; 50.061 zale izan dira bertan.