Athletic Club
Gabarra
Athleticek gabarran igota eta historian betiko geldituko den harrera batekin ospatu du bere 25. Kopa
EITB MEDIA
Sevillan irabazitako titulua Bilbok eta Bizkaiak beti gogoan izango duten festa batez ospatu du Athleticek, bere zaleekin batera. Gabarraren ibilbidea, Getxotik Bilboko udaletxeraino, ezin jendetsuagoa izan da, eta Bizkaiko hiriburuan izandako ospakizunek aurreikuspen guztiak gainditu dituzte.
Athleticek bere 25. Kopa ospatu du, ostegunean, marka guztiak hautsi dituen harrera batekin. Gabarra izan da eguneko protagonista nagusietako bat, 1983an eta 1984an ere gertatu zenez, eta ospakizunak, Athleticek bere historian jasotako harrera guztiak kontuan izanik, aurreikuspenik onenak ere gainditu ditu. "Sinestezina", deskribaezina", "historikoa" edo "kontaezina"; hala azaldu dute bizitakoa Bilboko klubeko kide batzuek horretaz galdetu diotenean; Athleticentzako egun ikusgarria izan da, betiko gogoan izateko modukoa.
Agintariek zehaztuko dute zenbat lagun izan diren, gutxi gorabehera, harreran, baina argi dago euskal klubak bere historian betiko geldituko den zati bat idatzi duela. Bilboren, Bizkaiaren eta zale guztien maitasunak jasota egin du hori. Eguneko lehen orduetan, albistea zen Bilbora eta gabarrak zeharkatu behar zituen herri guztietara zenbat hiritar ari ziren iristen (gabarra Getxon, Leioan, Portugaleten, Santurtzin, Erandion, Sestaon eta Barakaldon izan da). Lekualdatze hori ikaragarria izan da; harrera hasteko eta gabarrak ibilbideari ekiteko oraindik hainbat ordu gelditzen zirela, milaka eta milaka lagun bazeuden ospakizunaz gozatzeko hautatuta zuten tokian. Dena zen zuri-gorria Athletic gabarrak itsasadarra igo behar zituen 14 kilometroetan, eta Bilbon gauza bera; lan-eguna zen ostegun honetan, baina festa eguna bilakatu da.
Gabarran historian egindako hirugarren ibilbidea
Athletic gabarraren hirugarren irteera 16:30ean hasi da, Getxon, Abran. Talde zuri-gorriaren jokalariak eta teknikariak 1984ko txapeldunek urte hartako harreran jantzi zituzten alkandorak ekarri dituzte gogora, daramatzaten alkandorekin; gabarra Puente Bizkaian izan da, Portugaleteren eta Areetaren parean, eta Lamiakorantz zuzendu da jarraian; gerora, Erandion eta Sestaon izango da.
Arrontegiko zubiak ikusi du, gerora, ontzia. Gabarra barruan, Athleticeko futbolariak etengabe ibili dira kantan eta dantzan eta Kopa zaleei eskaintzen. 17:30ak jota, talde zuri-gorria eta gabarra Bilbora iritsi da. Jende uholdea zebilen Bizkaiko hiriburuan, eta giroa erabat ikusgarria zen. Giro izugarria izan da Zorrotzan, eta, gerora, San Mamesen parean, jokalariek zendutako zaleak ekarri dituzte gogora; uretara petaloak botata, asmoa izan da omentzea titulu handi honetaz gozatu ezinik hildako zaleak eta bazkideak.
XX. mendeko amaieran ireki zuten Euskalduna zubia, eta, hortaz, aurreneko aldiz ikusi du horrek gabarra, Euskalduna Jauregiak eta Guggenheim Museoak berak ere egin dutenez. Une horretan, ikusirik zenbat jende zegoen itsasadarreko bi aldeetan, ematen zuen Bilbo txiki ari zela gelditzen.
Zubizuri ere estreinatu da Bilboko harrerei dagokienez. Gabarra, orduan, udaletxera arteko azken zatian zebilen. Bertan, Ernesto Erkoreka plazan, jende andana zegoen Athleticen zain, goizetik. Aurreikusitako ordutegia kontuan izanik, ordu erdi baino apur bat beranduago jaitsi da Athletic gabarratik, 19:10 aldera; hala, gabarrak ondo baino hobeto bete du eginkizuna. Orduan, jokalariak, entrenatzaileak eta teknikariak udaletxera sartu dira, bertan zegoen jendearen animoen artean. Zaleen aurrean altxatu dute Kopa, eskaileretan.
Zoramena Bilboko udaletxean; festak erabat egin du eztanda
Udaletxean, hitzaldi ofizialak izan dira: hitza hartu dute Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, Iker Muniain kapitainak, Jon Uriarte presidenteak eta Jose Angel Iribarrek. Jarraian, txapeldunak udaletxeko balkoira atera dira, tradizioari jarraituz; izan ere, klub zuri-gorriak, 125 urteko historian, beti ospatu ditu irabazitako titulu handi guztiak bertan. Iker Muniainek gidatuta, futbolariek, banan-banan, eskerrak eman dizkie zaleei, emandako babesagatik. Nabarmentzekoa da kapitain zuri-gorriak Peru Nolaskoain ere aipatu duela. Nolaskoain Eibarren da egun, baina Kopako hasieran jokatu egin zuen Athleticekin.
Udaletxeko ospakizuna amaituta, Athletic autobus irekira igo da, Bizkaiko Foru Aldundira joatea xede. Bertan, harrerako ibilbide osoan bezala, milaka lagun zeuden, lehoien zain.
Jende uholdea Foru Aldundian
Foru Jauregian, beste behin giroa bikain zebilela, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia talde zuri-gorriaren kideei zuzendu zaizkie, eta Jon Uriartek, Iker Muniainek eta Ernesto Valverdek hartu dute hitza, berriro ere. Jose Angel Iribarrek jaso ditu zaleen babes handienetakoa.
Foru Aldundiaren balkoian, nekaezinak ziren milaka eta milaka zaleen aurrean, Iker Muniainek berriro ere hartu du mikrofonoa, eta, udaletxean baino laburragoa izan del denbora batez, beste behin bultzatu du jaia. Errematea Bilboko Koral Elkarteak jarri du; izan ere, abesbatzak oso hunkigarria izan den "Txoria txori" kanta eskaini dio talde txapeldunari.