Itxi

Athletic Club

Kopako finala

Athletic Hiria berriz aldatu dute tokiz: Torre Sevilla merkataritza gunetik hurbil dagoen orubean egongo da

EITB MEDIA

Orain arte iragarritako bi kokapenen eremu berean dago, Magallanes parketik eta Andaluziako Arte Garaikideko Zentrotik gertu. Andaluziako Gobernuak eskatu du aldaketa, eta Athletic “haserre” agertu da, "ustekabeko aldaketa hori dela eta".

  • Athleticeko hainbat zale, 2012an, Madrilen izandako Athletic Hirian. Argazkia: EFE.

    Athleticeko hainbat zale, 2012an, Madrilen izandako Athletic Hirian. Argazkia: EFE.

Athletic Hiria, Athletic-Mallorca Errege Kopako finala dela eta Sevillan egongo diren Athleticeko zaleak bilduko dituen gunea (finala apirilaren 6an jokatuko dute, 22:00etan), bigarrenez aldatu dute lekuz, ostiralean, eta Torre Sevilla merkataritza gunetik hurbil dagoen orubean egongo da, Banderetako Orubean. Bilboko klubak adierazi duenez, toki hori orain arte iragarritako bi kokapenak dauden eremu berean dago, Magallanes parketik eta Andaluziako Arte Garaikideko Zentrotik gertu. Andaluziako Gobernuak eskatu du aldaketa, eta Athletic "haserre" agertu da, "ustekabeko aldaketa hori dela eta".

Testuinguru horretan, Athleticen arabera, Espainiako Futbol Federazioak jakinarazi dio "bertan behera" utzi duela Athleticeko zaleentzako gunea Andaluziako Arte Garaikideko Zentroan kokatzeko lortutako akordioa, eta, hortaz, Athletic Hiria beste toki batean kokatuko dutela. Euskal klubak azaldu duenez, "Athletic Hiria Andaluziako Arte Garaikideko Zentroan kokatzeko akordioa hasierako kokalekuak Athleticen zaleek behar zuten gune seguru bat izateko baldintzak ez zituelako betetzen hartu zen" aurreko astean, "eta hala ondorioztatu zuten Polizia Zuzendaritza Nagusiak, Andaluziako Juntak eta Espainiako Federazioak". Magallanes Parkea "espazio txikiegia zen Sevillan Athleticen inguruan bilduko den jendetza hartzeko, eta, gainera, bertan zeuden zuhaitzek partida pantaila erraldoien bidez ikustea eragozten zuten, sarrerarik gabe bidaiatuko duten milaka zaleentzat", gehitu du Athleticek.

Athletic Hiriaren behin betiko kokapena, Banderetako Orubea, "Torre Sevilla merkataritza gunetik oso hurbil dago, Expo 92 eta Carlos III etorbideen artean, aurreko bi kokalekuen ia eremu berean. Orube horrek Andaluziako Arte Garaikideko Zentroaren antzeko baldintzak betetzen ditu", esan du Bizkaiko klubak.

Zuzenketa hori "ezustea" izan da Athleticentzat, klubak "astebete baino gehiago baitzeraman konfirmatutako kokalekuan lanean". Dena dela, "zaleei zerbitzu onenak eta Kopako finalerako ekitaldi programa erakargarri bat eskainiko zaizkie", Athleticen hitzetan. Egoera honetan, Athletic "haserre agertu da, ustekabeko aldaketa hori dela eta".

Azkenik, Athleticek bere zale guztiei jakinarazi dienez, "dagoeneko, lanean ari da, leku berri honetan, Athletic Hiria ahalik eta gunerik onena izan dadin". "Guztion artean festa zuri-gorri handia biziko dugu!", nabarmendu du Athleticek.